Gizartea -

Gertaera

Amonarekin asteburua pasatzen zegoen adingabe bat da Arrasaten atxilotutako gaztea

Igandean bertan, ospitalera joan zen 17 urteko gaztea, hemorragia handi bat zeukalako, eta horri esker jakin zuen Ertzaintzak kalean aurkitutako haur jaioberriaren ama zela.

Jaioberriaren gorpua aurkitu zuten lekua. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Jaioberri baten gorpua aurkitu dute Arrasaten
Jaioberriaren gorpua aurkitu zuten lekua. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrasaten, auto baten azpian, igandean aurkitutako jaioberriarekin lotuta atxilotutako gazteak 17 urte ditu, eta ez da Gipuzkoako aipatu udalerrian bizi. Hain zuzen ere, amonari bisita egitera joan zen asteburuan, Arrasatera.

Gertakariarekin zerikusia duten iturriek jakinarazi dutenez, senitartekoekin batera, Nafarroan bizi da adingabea, aldian-aldian amonarengana joaten bada ere.

Jaioberria (dirudienez neskatxa bat) igande eguerdian aurkitu zuen Arrasateko bizilagun batek. Galizia kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten azpitik odola ateratzen zela ikusi eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, orduan.

Handik gutxira, haurtxoaren heriotza egiaztatu zuen sendagile batek. 16:00ak aldera, Donostiako Auzitegiko Patologiako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Umearen gorpua plazenta eta guzti aurkitu zuten.

Amonaren bizilagunek esan dutenez, ostiralean iritsi zen gaztea, mutil-lagunarekin batera. Azken hori Eskoriatzan bizi da.

Auzokideetako baten esanetan, igandean bertan ospitalera joan zen atxilotutako adingabea, hemorragia handi bat zeukalako, eta horri esker jakin zuen Ertzaintzak kalean aurkitutako haur jaioberriaren ama zela.

Harrezkero, 17 urteko gaztea atxilotuta dago, ospitalean bertan, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arrasate Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Amak albisteak Debagoiena gaur