Gizartea -
Indarkeria matxista
EAEko emakumeen % 10ek jasan dute noizbait sexu eraso edo abusuren bat
Iruñean izandako indarkeria matxista kasu bat eta emakumeek egunerokoan jasaten dituzten gehiegikeriak aztertuko dituzte igande honetan ETB2ko '360º' saioan.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen % 10,3k sexu-eraso edo gehiegikeriaren bat jasan dute noizbait, Gizaker enpresak ETB2ko '360º' saioarentzat egindako inkestaren arabera.
'EAEko emakumeen aurkako mikromatxismoak' goiburupean egindako ikerketak dioenez, % 28,3k ukituak jasan dituzte toki publikoetan eta % 3 sexu harremanak izatera behartu dituzte.
Halaber, emakume askok ginekologoarengana joan direnean izan ohi dituzten arazoak ere utzi ditu agerian inkestak. % 6,5ek adierazi dute deseroso sentitu direla ginekologoak izandako jarreragatik edo egin dituen komentarioengatik; % 3k uste dute ginekologoa gehiegikeriaz aritu dela; eta beste horrenbestek esan dute sexu harremanei buruzko iruzkin desegokiak egin dituela.
Fitxa teknikoa
Ikerketa soziologikoa otsailaren 8an egin zuten, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren 400 emakume elkarrizketatu zituzten telefonoz.
Elkarrizketen % 18,5 euskaraz burutu ziren, eta % 81,5, gaztelaniaz.
Emakumeek egunerokoan jasaten dituzten gehiegikeriei buruzko ikerketa honen xehetasun guztiak ETB2ko '360º' saioan emango dituzte igande honetan.
Halaber, Iruñean izandako indarkeria matxista kasu bat ere izango dute aztergai: modeloen agentzia bateko argazkilari bat salatu dute 129 emakumek, biluzik grabatzeagatik. 'La Manada' auziko magistratuek epaituko dute. 400 urtetik gorako kartzela zigorra eskatzen dute auzipetuarentzat.
Eider Hurtado kazetariak zuzentzen duen saioa igande honetan emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus atarian.