Gizartea -
Indarkeria matxista
Gazte bat atxilotu dute Errenterian, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Gertakariak gizonaren ibilgailuan jazo dira. Taberna batean ezagutu ziren biak, eta erasotzaileak etxeraino eramango zuela esan zion emakumeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizean Errenterian, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik eta zauriak eragin izana egotzita.
Erasotzailea eta biktima ordu batzuk lehenago ezagutu ziren Donostiako taberna batean, eta gizonak bere autoan etxeraino eramango zuela esan zion. Biak ibilgailuan zeudela, emakumea bortxatzen saiatu zen.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, 05:40 inguruan Ertzaintzak abisu bat jaso du Errenteriako Maria de Lezo kalean geldituta zegoen ibilgailu bateko bidaiariak eztabaidan ari zela ohartarazita.
Patruila bat bertaratu da eta autoa errepide erdian geldi zegoela ikusi dute. Kotxea albo batera eraman dutenean gizon bat hurbildu zaie ertzainei, urduri eta hainbat kontusiorekin. Jabea zela esan die, baina ibilgailua bide erdian uzteko azalpen logikorik eman gabe.
Laster, Udaltzaingoaren beste abisu bat jaso dute ertzainek, Zapirain Anaiak kalean sexu-eraso bat pairatu duen emakume bat artatzen ari zirela jakinaraziz. Gizon batek kolpatu egin duela, iletik helduta lurretik arrastaka eraman duela eta dirua lapurtu diola ere salatu du.
Erasotzailea autoa errepide erdian uzteagatik galdekatzen ari ziren mutila zela egiaztatu dutenean atxilotu egin dute.
____________________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.