Gizartea -

Heriotza ikertzen

Azpeitian aurkitutako emakumearen gorpuak indarkeria zantzuak ditu

Ertzaintza 39 urteko emakume zarauztarraren heriotza ikertzen ari da, baina itxura guztien arabera hilketa bat izan daiteke.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azpeitiako presa batean aurkitutako emakumearen gorpuak indarkeria zantzuak dituela adierazi du Herrizaingo Sailak. Ikerketako iturriak aipatuta Efek jakitera eman duenez, emakumeak "kolpe gogorrak" zituen aurpegian.

Atzo arratsaldeko 17:15ak aldera aurkitu zuen 39 urteko zarauztarraren gorpua herriko bizilagun batek Ibai-Eder presan eta Ertzaintzari eman zion abisua.

Gorpua suhiltzaileek atera zuten presatik. Epaileak Donostiako Auzitegi eta Medikuntza Legeko Insititutura eramateko agindu zuen autopsia egin diezaioten.

12:30ean ikusi zuten azken aldiz, Zarauzko taberna batean lagun batekin kafe bat hartu ostean, ikerketako iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Ondoren, ez zen etxera bueltatu, eta ez zen eskolara joan umeen bila; ondorioz, senarrak salaketa bat jarri zuen Ertzaintzan emakumearen desagerpena zela eta. 12:30 eta 17:15 orduen artean zer gertatu zen argitzen saiatzen ari da Ertzaintza.

Gorpua aurkitu zuten tokiaren inguruan, Azpeitiako Muarbe auzoan, balineko pistola bat aurkitu du Ertzaintzak.

Ertzaintza ari da kasua ikertzen. Jasotako datuen arabera hilketa bat izan daiteke. Hori baieztatuko balitz bost eguneko epean Gipuzkoan izan den bigarren hilketa kasua litzateke.

Joan den larunbatean 46 urteko Bergarar bat aurkitu zuten hilik Deba ibaian, labankadaz hil zutela argitu zuen autopsiak.

Ertzaintzak hilketarekin zerikusia zuelakoan gizonezko bat atxilotu zuen Irunen joan den asteartean.

Biktima Bergarako eskale bat zen, inork ez zuen salatu bere desagerpena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea