Gizartea -
Marte
Opportunity robota galdutzat eman du NASAk
Ekaitz gogor batek suntsitu zuen robota Marten. Hamabost urte zeramatzan planeta gorriaren azala ikertzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
NASAk galdutzat eman du Opportunity robota. Hamabost urte zeramatzan Marteko azala ikertzen, duela hilabete batzuk –ekainaren 10ean- hauts ekaitz handi batek suntsitu zuen arte.
Ekaitzak ibilgailuaren eguzki-panelak kaltetu zituen eta, ondorioz, ezin izan ditu funtzionatzeko behar duen energia lortu.
Harrezkero robota berreskuratzeko ahaleginean aritu da Estatu Batuetako Espazio Agentzia, baina gaur amore eman dute, ibilgailuaren seinalea jasotzea ezinezkoa dela ondorioztatuta.
Gauzak horrela, Opportunity robotaren misioa ofizialki amaitutzat eman dute. "Horrelako misioei esker izango da posible egunen batean gizakia Martera iristea", azpimarratu du Jim Bridenstine NASAren administratzaileak.
Robota krater baten ondoko troka batean dago, Martera iritsi zen tokitik 50 kilometrora, hain zuzen ere.
Planeta gorrian ikerketa lanetan urte gehien eman duen makina da.