Gizartea -
'EMAKUME ZIENTZIALARIEN EGUNA'
Osakidetzako ikerketa proiektuetan lanean ari direnen % 64 emakumezkoak dira
Bioaraba, Biogurutzeta Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune osasun ikerketa zentroetan martxan diren proiektuen erdia baino gehiagoren arduradun nagusia emakumezkoa da.
EITB.EUS
Osakidetzako zentroetan osasun arloko ikerketetan lanean ari direnen % 64 emakumezkoak dira, eta ikerketa proiektuen ardura postuetan ere gehiago dira emakumeak gizonak baino.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Osakidetzak oharra kaleratu du gaur, emakume ikertzaileen inguruan. Horren arabera, Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune ikerketa guneetan martxan dituzten egitasmoen erdia baino gehiago emakumeen ardurapean daude.
Gaur egun, 2.715 profesional ari dira lanean Osakidetzako ikerketa zentroetan, eta horietatik 1.743 emakumeak dira. Bestalde, orotara, 251 proiektu daude martxan, eta horietako 128tan emakumea da arduradun nagusia. Onkologiarekin eta neurologiarekin lotutako ikerketak dira nabarmenenak, % 14-17 inguru.
Osasun Sailak eta Osakidetzak, beren zentroetako ikertzaileekin batera, bat egin dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguneko ospakizunekin. Emakume eta neska zientzilarien "parte-hartze osoa eta ekitatiboa" lortzea eta arlo honetan dagoen "genero haustura murriztea" dira helburuak, Osakidetzak oharrean zehaztu duenez.