Gizartea -

Eguraldia

'Gabriel' borraskak haize zakarra ekarriko du Euskal Herrira

100 km/h-tik gorako haize-ufadak eta sei metroko olatuak izango dira. Okerrena arratsalderako iragarri dute.

Donostiako Paseo Berria. Argazkia: EFE
Donostiako Paseo Berria.
Gabriel, euskal kostaldera hurbilduko den ziklogenesia

1:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Gabriel' ziklogenesi esplosiboa gaur iritsiko da Euskal Herrira, eta 100 km/h-tik gorako haize-ufadak eta sei metroko olatuak eragingo ditu.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du haizeagatik, 15:00etatik 00:00etara. Haizeguneetan, ufadak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezkeela ohartarazi dute; 80 km/h-koak, berriz, haizeguneak ez diren tokietan.

Horrez gain, 15:00etatik eta 18:00etara, nabigaziorako abisu horia ezarriko dute kostaldean. 18:00etatik gauerdira arte, alerta laranja izatera igaroko da.

Bestalde, kostaldeko kalteengatik abisu horia egongo da indarrean 18:00etatik gauerdira are. Olatu handienak 5-6 metrokoak izango dira.

Barnealdean, berriz, elurrari dagokion abisu horia ezarriko dute 21:00etatik gauerdira arte. Eguraldi iragarpenaren arabera, litekeena da gauean elurraren maila 1.000 metrotik behera jaistea eta azken orduetan 700-800 metroan egotea.

Nafarroan, Espainiako meteorologia agentziak alerta laranja ezarri du haizeagatik ipar isurialdean eta abisu horia, ostera, Pirinioetan eta erdialdean. Haize ufadak 90 km/h-tik gorakoak izan daitezke ipar isurialdean eta 70 km/h-koak, berriz, erdialdean.

Halaber, elurrari dagokion abisu horia aktibatuko dute Pirinioetan, 18:00etatik gauerdira arte. 800-900 metrotik gora, 5 zentimetro elur pilatu daiteke 24 orduan. Elur jausi arriskuagatik abisu horia ere indarrean egongo da asteazken gauerdira arte.

Euskalmeten esanetan, hego-mendebaldeko haizeak joko du eta laino ugari izango dira, baina euri gutxi egingo du eguneko lehen erdian, batez ere barnealdean.

Tenperatura beroenek 10 graduak gaindituko dituzte, eta elur-mailak gora egingo du. Tenperatura hotzenak 3 eta 8 gradu artean kokatuko dira. Arratsaldeko lehen orduetan, haizea berriro areagotuko da, eta ipar-mendebaldetik joko du.

Egunaren bigarren erdia euritsuagoa eta hotzagoa izango da. Elur-kota 700-800 metroan kokatuko da gauean.

Alerta laranja asteazkenerako, nabigaziorako arriskuagatik

Asteazkenari begira, itsasoak zakar egoten jarraituko du. Gauerditik eta 06:00ak bitartean, nabigaziorako alerta laranja ezarriko dute kostaldean lehen bi itsas miliatan. 5-6 metroko olatuak espero dira. 06:00etatik 18:00etara, abisu horia aktibatuko da.

Olatu handien ondorioz, kostaldeko kalteengatik abisu horia egongo da indarrean gauerditik 06:00ak arte.

Barnealdean, elurrari dagokion abisu horia ezarriko dute gauerditik 09:00ak arte. Iragarpenaren arabera, elurraren maila 600-800 metroan egongo da eta egunean zehar gora egingo du, 1.500 metrora arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak