Gizartea -
Onkologia
Minbizi kasuek % 12 gora egin dute azken lau urteetan, eta bikoitza emakumezkoetan
Biriketako minbizia hirugarren tumore ohikoena da emakumeetan, baina heriotza arrazoi nagusia.
Agentziak | Erredakzioa
Minbizi kasuek % 12 gora egin dute azken lau urteetan, baina gorakada hori bikoitza izan da emakumeen kasuan (% 8,2tik 17,4ra). Emakumeengan biriketako minbiziak gora egin du, erretzeko ohitura hartu dutelako, Espainiako Onkologia Elkarte Medikoak azaldu duenez.
Emakumeak geroago hartu du mendekotasun hori, eta orain ondorioak azaleratzen ari dira. Biriketako minbizia hirugarren tumore ohikoena da emakumeengan, eta, horregatik, adituen arabera, kanpainak egin behar dira, eta gaixotasunaren heren bat saihestu daitekeela errepikatu. Errudun nagusietako bat tabakoa dela gogorarazi du.
Ruth Vera Espainiako Onkologia Elkarte Medikoaren presidenteak agerraldia egin du Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, 'Minbiziaren zenbatekoak Espainian 2019' txostena eta "Minbizia heredatzen al da?" kanpaina aurkezteko.
Erantzuna argia da: soilik kasuen % 5 eta % 10 artean heredatutako asaldurengatik dira.
277.234 minbizi kasu (161.064 gizonezkoetan eta 116.170 emakumezkoetan) diagnostikatuko dituzte 2019an. Bien bitartean, 2015ean 247.771 antzeman zituzten (148.827 gizonezkoetan eta 98.944 emakumezkoetan).
Kolon eta ondeste, prostata, birika eta maskuri minbiziak ohikoenak izango dira Espainian.
Aldiz, minbizi gastriko kasu gutxiago diagnostikatuko dituzte, dieta aldaketengatik, helicobacter pylori infekzioaren eraginak eta, orokorrean, tabako eta alkohol kontsumoak behera egin duelako.
Hala ere, biziraupena gora egiten ari dela azpimarratu du Velak, % 53koa baita bost urtera, eta hainbat tumoreren inguruko ezagutza “ikaragarri” areagotu da.