Gizartea -
Gertakaria
28 urteko preso bizkaitar bat hil da Zaballako espetxean
Heriotza horien aurrean "ezkutatze politika sistematikoa" aplikatzen dutela salatu du Salhaketak, "inolako informazio publikorik ematen ez dutela" iritzita.
EiTB.EUS
Zaballan preso zegoen gazte baten heriotza salatu du Salhaketa elkarteak. Eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez, urtarrilaren 17an hil zen 28 urteko bizkaitarra.
Zaballako zuzendaritzak egun horretan eman zion presoaren familiari jazotakoaren berri. Informazio horren arabera, gaindosiagatik hil zen.
Gertakari larri horren aurrean, "ezkutatze politika sistematikoa" aplikatzen dutela salatu du Salhaketak, "inolako informazio publikorik ematen ez dutela" iritzita.
"Modu naturalean gertatzen ez diren heriotzak argitzeko lana duten agintari judizialen jarrera pasiboak kezkatzen gaitu. Gehienetan preso gazteak izan ohi dira, eta Estatuko Administrazioak horien bizitza eskubidea bermatzeko betebeharra dauka", kritikatu du.
Horregatik, egoera jasanezina dela uste du Salhaketak "indarrean dagoen legedia zorrotz aplikatuz gero, heriotza gehienak saihesteko modukoak izango zirelako".
Azkenik, egoera horri zein irtenbide emango dioten galdetu die Espetxeen Zuzendaritza Nagusiari, Barne Ministerioari eta Espainiako Gobernuari.