Gizartea -
EZBEHARRA
Hilda aurkitu dute duela 13 egun Malagako putzu batera erori zen bi urteko haurra
Erreskate taldeek gaur goizaldean, 01:25 inguruan, aurkitu dute Julen mutiko andaluziarraren gorpua. Autopsia egin diote jada eta Malagako tanatoriora eraman dute haurraren hilotza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hilda aurkitu dute duela 13 egun Malagako Totalan herrian (Espainian) putzu batera erori zen 2 urteko haurra. Erreskate taldeek goizaldean, 01:25 inguruan, lortu dute Julen Roselloren gorpua zegoen tokira iristea.
Ikusmin handia piztu duen gertakaria izan da, umea erori zen putzuaren ezaugarriengatik oso konplexua izan baita erreskate operatiboa. 25 zentimetroko diametroa eta 107 metroko sakonera zuen putzu batera erori zen umea.
Dozenaka makina hondeatzaile eta bilaketa berezi honetarako propio egindako tresnak erabili dituzte gorpua ateratzeko. Putzuaren aldamenean beste zulo bat egin behar izan dute, paraleloa, eta handik sartu dira erreskatean parte hartu duten Hunosako (Asturias, Espainia) meatzariak. Horiek lortu dute umea zulotik ateratzea, eskuz egindako zeharbide baten bidez. Lurpean aurkitutako haitzen gogortasunagatik, lehergaiak erabili dituzte, bidea zabaltzeko.
Denera, 300 bat pertsonak hartu dute parte dispositiboan, eta komunikabideek jarraipen handia egin diote kasuari.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bere "babesa eta maitasuna" helarazi dizkie umearen gurasoei, eta erreskatean parte hartu dutenen lana txalotu du.
Toda España se suma a la tristeza infinita de la familia de Julen. Hemos seguido de cerca cada paso para llegar hasta él. Siempre agradeceremos el incansable esfuerzo de quienes lo buscaron durante todos estos días. Mi apoyo y cariño a sus padres y seres queridos.
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) 2019(e)ko urtarrilaren 26(a)¿
Andaluziako presidenteak nahiz Espainiako beste hainbat buruzagi politikok eta Errege Etxeak ere samin mezuak egin dituzte publiko.
Malagako Udalak minutu bateko isilunea deitu du 11:00etarako eta hiru dolu egun ofizial deitu ditu. Totalaneko Udalak ere hiru eguneko dolua deitu du.
Ikerketa
08:30ean hasi dira haurraren gorpuari autopsia egiten, heriotzaren inguruko xehetasunak argitzeko. 15:00ak aldera amaitu dute autopsia eta Malagako tanatoriora eraman dute ondoren gorpua, familiak azken agurra eman diezaion.
09:00etan prentsaurrekoa eman du Andaluziako Gobernu ordezkariak Julenen erreskatearen azken ordukoen berri emateko. Erreskate-operazioaren nondik norakoak eman ditu, eta haurraren aurkikuntzari buruz esan du 71 metroko sakoneran zegoela. Bere posizioa ikusita "erorketa libre azkarra" jasan zuela zehaztu du, eta lurrak berak geldiarazi zuela erorketa. Zuloak 107 metroko altuera zuen arren, lurrez beteta zegoela kota horretara arte, eta hor geratu zela haurra. Izan zuen aire bakarra bere hankak eta buruaren artean zegoen tartean egongo zela ere zehaztu du.
Alfonso Rodriguez Gomez de Celisek eskerrak eman dizkie bilaketan lan egin duten guztiei, "larrialdi egoera horretan azkar eta modu delikatuan" egin duten lan eskergagatik.
Gertatu denaren xehetasun guztiak argitzeko ikerketan jarraitzen du Guardia Zibilak. Haurra erori zen zuloak (ura aurkitzeko prospekzio bat) ez zuen baimenik eta egin zuen enpresariak ikertzaileei esan zien berak "harri batzuekin estalita" utzi zuela. Gauzak horrela, zergatik eta nork kendu zituen harri horiek ikertzen ari dira. Zonaldea haurraren gurasoen senide batzuena da, eta badirudi obra batzuk egiten ari zirela. Bi gauzek harremana ote duten zehartu beharko dute.
Ikertzaileek, gainera, badute argitu beharreko beste puntu bat ere: nola sortu zen haurraren gainean zegoen "tapoia". Erreskatearen lehen egunetan, zuloan zegoen lurra xurgatzen saiatu ziren makina batekin baina lur hori hain zen gogorra, ezin izan zutela; eta horregatik egin behar izan zuten erreskaterako erabili den zulo paraleloa.
Alfonso Rodriguez Gomez de Celisek mezu argia zabaldu du: "Modu ilegalean zuloak egin dituzten horiei esan nahi diet garaiz daudela estaltzeko. Benetan, merezi du, honelako tragediarik berriz ere gerta ez dadin".
Julenen senideak Malagako El Palo auzoko tanatorioan daude, bizi diren tokitik oso gertu. Dozenaka herritar daude kanpoaldean eta Udaleko psikologoak joan dira bertara, familiari laguntzeko.