Gizartea -
Iruñea
Aske utzi dituzte Maravillas gaztetxearen aldeko protestekin lotutako zazpi pertsonak
Deklaratu ostean askatu dituzte atxilotutako lau gizonak eta hiru emakumeak. Besteak beste, desordena publikoak eta desobedientzia egotzi dizkiete.
EITB.EUS
Espainiako Poliziak zazpi pertsona atxilotu zituen astelehenean, Maravillas gaztetxearen hustea salatzeko Iruñean egin diren protesta ekintzetan zenbait delitu leporatuta. Era berean, beste 48 pertsona ikertzen ari dira.
Atxilotuak lau emakume eta hiru gizon dira. Zazpiak aske utzi zituzten deklaratu ondotik, Poliziak jakitera eman duenez. Desordena publikoak, desobedientzia eta bide segurtasunaren aurkako delituak egotzi dizkiete.
Urtarrilaren 8an Foruzaingoa, Ondare teknikariekin batera, Rozalejoko markesaren jauregian sartu zenetik izandako istiluekin lotuta egin dituzte atxiloketak. Eraikinaren egoera ikuskatu ondoren, eraikina ixtea erabaki zuten.
Poliziaren hitzetan, orduz geroztik "indarkeria ekintzak izan dira, beira eta zabor edukiontziak irauli, Segurtasun Indarren aurka objektuak jaurti, errepideak itxi eta kaleak blokeatu dituzte, eta autobus, hiri-altzari, denda zein beste ondasunei kalteak egin dizkiete Nafarroako hiriburuan".
Operazioak zabalik jarraitzen du, istiluetan egindako kalteak ikertzen ari direlako.