Gizartea -

HEZKUNTZA

Datorren ikasturterako aurrematrikulazio epea otsailaren 4an irekiko da Nafarroan

Foru Erkidegoko eskola publikoa 'berritzailea, inklusiboa, berdintasunezkoa eta eleanitza' dela esan du Maria Solana kontseilariak.

Maria Solana eta Roberto Perez, aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpenean, gaur. Argazkia: EiTB.
Maria Solana eta Roberto Perez.
Maria Solana eta Roberto Perez, aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpenean, gaur. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako eskola publikoan datorren ikasturterako aurrematrikula egiteko epea otsailaren 4tik 8ra egongo da zabalik. 3 urteko 6.000 ikasle berri espero dituzte Foru Erkidegoan, eta Maria Solana Hezkuntza kontseilariak esan duenez, "eskola publiko berritzailea, inklusiboa, berdintasunezkoa eta eleanitza" aurkituko dute. "Lau puntu kardinal horietan oinarritua lan egiten dugu Hezkuntza Departamentuan, zeharkakotasunez lan egin ere, guztion eskola publikoaren izen ona, kalitatea eta hurbiltasuna hobetzeko”, ziurtatu  du.

Roberto Perez Foru Gobernuko Hezkuntza zuzendari nagusiarekin batera aurkeztu du datorren ikasturterako kanpaina Solanak, goizean Iruñean egindako agerraldian. Orain arteko balioei eta lan-ildoei eutsiko dietela esan dute bi arduradunek.

Berrikuntzari dagokionez,  IKASNOVA Gela deritzon proiektua nabarmendu du kontseilariak, eskola publikoaren eraldaketa digitalerako estrategiaren gakoa delako. Hezkuntza kontseilariaren esanetan, "aldaketa hau esparruei zein tresna eta metodologiei dagokie, eta hamar aldiz biderkatu dugu digitalizazioako aurrekontua 2015az geroztik". 

Aniztasuna Artatzeko Plana da nabarmendu duen beste proiektuetako bat. Eskola inklusiboa izateko oinarriak daude bertan ezarrita, "Nafarroako hezkuntza sisteman dagoen aniztasun osoari modu bidezkoagoan eta zuzenagoan arreta eman eta erantzuteko". Solanaren arabera, ikaslea irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren erdigunean kokatzea da xedea. 

Neska eta mutilen arteko berdintasuna ere, eskola publikoaren erdigunean jarri du Foru Gobernuak, "nafar ikasleek berdintasunean bizitzeko beharrezko gaitasuna garatu dezaten". Horretarako, azkenaldian hainbeste hauts harrotu dituen Skolae hezkidetza programari tinko eusteko borondatea agertu du kontseilariak. "Gure ikasleek gogoko bizitza-proiektua aukera-aniztasunetik bideratu ahal dezaten, generoaren araberako baldintzapenik gabe, desberdintasunak bereizten ikasiz, beharrezkoa da ikasgelan sartu eta berdintasunean irakastea", esan du.

Eleaniztasuna da aurrematrikulazio kanpaina honen laugarren ardatza. Errealitate linguistikotik abiatuta, ikastetxe bakoitzean landutakoko hizkuntza proiektua sustatzen jarraituko du Nafarroako Gobernuak. "Foru Komunitatearen berezko idiosinkrasiaren harira, gero eta hizkuntza gehiago dituen gizarte eleanitza, hizkuntza bat baino gehiago jakiteari gero eta balio handiagoa ematen diona" sustatuko dutela azpimarratuko du.

Zuzendari nagusiaren esanetan, berriz. aurrematrikula egiteko prozesuaren araudian ez da berritasunik sartu iazkoarekin alderatuta. Hezkuntza zuzendaritzaren atari honetan aurki daiteke eskabideei buruzko informazio guztia.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza