Gizartea -
Laugarren epaiketa
Pablo Ibar auziko epaimahaiaren deliberazioa larunbatera arte atzeratu daiteke
Antza denez, epaimahaiko kideek zalantzak dituzte eta hilketak gertatu ziren etxeko segurtasun kamerek grabatutako irudiak berriro ikustea eta hainbat deklarazioren transkripzioak eskatu dituzte.
AGENTZIAK
Pablo Ibarren aurkako laugarren epaiketa amaituta, zinpekoen epaimahaia osatu duten 12 kideak hasi dira deliberatzen. Dena dela, hasieran uste baino gehiago luzatu daiteke azken erabakia, gutxienez larunbatera arte.
Izan ere, epaimahaiak hainbat eskaera egin ditu, tartean, hilketak gertatu ziren etxeko segurtasun kamerek grabatutako irudiak berriro ikustea eta hainbat deklarazioren transkripzioa esku artean izatea. Besteak beste, DNA adituen deklarazioak errepasatu nahi dituzte.
Defentsaren esanetan, epaimahaiaren eskariek erakusten dute eztabaida bizia izaten ari dela epaimahaikideen artean (8 gizon eta 4 emakume).
Aurreikuspenen arabera, epaimahaiak hausnartzen jarraituko du datozen egunetan, 09:00etatik 20:00etara (Floridako ordua).
Epaimahaiak ez dauka epe mugarik erabakia hartzeko. Hala eta guztiz ere, erabakia edozein dela ere, errudun zein errugabe, aho batez hartu beharko dute epaimahaiko hamabi kideek. Erabateko adostasunik egon ezean, epaiketa baliogabetzat joko dute eta errepikatu egingo da.
Pablo Ibarren aurkako laugarren epaiketa asteazkenean amaitu zen, aldeen azken ondorioak entzun ondoren.