Gizartea -
Eguraldia
Euskadi, zeroz azpitik: Izotzagatik ezarritako abisua larunbatera arte luzatu dute
Araban hoztu du bart gehien: Iturrietan - 7,4 ºC izan dituzte; Agurainen, - 6,6 ºC, eta Gasteizen, -4,1 ºC.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbatera luzatu du tenperatura minimoengatik eta izotzagatik atzotik indarrean dagoen abisu horia. Termometroa asko jaitsi da bart, Iturrietan (Araba), esaterako, zeroz azpitik 7,4 gradu izan dituzte.
Hotzaldiak larunbatera arte behintzat iraungo du, eta hala, ordura arte luzatu dute abisua. Bereziki lurraldearen barnealdean hoztuko du.
Marka, tenperatura minimoetan
Araban hotz handia egin du bart. Iturrietan erregistratu dute tenperatura baxuena (-7,4 ºC), baina aipatzeko modukoak dira Agurainen (-6,6 ºC) edota Gasteizko Abetxuko auzoan (-4,1 ºC) jasotakoak ere. Bizkaian, Otxandion (-5 ºC) eta Balmasedan (-2 ºC) izan dituzte hotzenak, eta Gipuzkoan, zeroz azpitik 3,3 gradura jaitsi da merkurioa Berastegin eta zeroz azpitik bira, Arrasaten.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean eguzkia ikusteko aukera izango da, baina erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk ere agertuko dira, arratsaldean batez ere. Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da. Tenperatura maximoei dagokienez, 6 eta 10 ºC artean geratuko dira.
Ostiralekoa egun eguzkitsu eta hotza izango da. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, orokorrean indar handiegirik gabe. Larunbatean ildo beretik jarraituko du eguraldiak. Antizikloia nagusituko da eta giro lehorra bermatuko du. Goizeko behe-lainoa desagertzen denean, zerua oskarbi agertuko da. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haize ahularekin jarraituko dugu. Tenperatura beroenak pare bat gradu igo litezke, baina, hala ere, toki gehienetan ez da 10 ºC-ren muga gaindituko.