Gizartea -
IKERKETA BARTZELONAN
Bartzelonan ospitaleratutako 13 urteko neskak ez zuen sexu-erasorik jasan
Konorterik gabe eraman zuten ospitalera, egoera berean zegoen 15 urteko mutil baten ondoan aurkitu ostean. Bere onera etorri direnean, harremanak biek hala nahita izan zituztela kontatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiralean Bartzelonako merkatalgune bateko komunetan konorterik gabe eta buruan kolpe handi batekin agertu zen 13 urteko neskak ukatu egin die Esquadrako Mossoei sexu-erasorik jasan zuenik, eta horiek baztertu egin dute hipotesi hori, hasiera batean hala zabaldu bazen ere.
Neskaren ondoan, konorterik gabe, aurkitu zuten 15 urteko mutila atxilotu egin zuten Mossoek eta Fiskaltzaren esku utzi. Orain jada ez diote eraso sexuala leporatze baina ikerketak aurrera jarraitzen du buruko kolpea nola gertatu zen argitzeko.
Bere onera etorri ostean, biek esan dute nahita izan zituztela sexu-harremanak eta horregatik erretiratu da akusazio hori, baina Kataluniako poliziak ikerketa amaitu nahi du zer gertatu zen zehatz mehatz jakiteko.
Ostiraleko 19:00etan, abisua jaso zuten Mossoek eta Larrialdietako Zerbitzuek bi adin-txikiko konorterik gabe zeudela Bartzelonako Nou Barris auzoko Corte Inglesaren aparkalekuetako komunetan, alkohol gehiegi edateagatik antza denez. Neskak ubelduak lepoan eta kolpe handia zuen gainera buruan, eta larri eraman zuten ospitalera. Zorionez, onera egin du azken orduetan.