Gizartea -
Ardoaren gatazka
Txakolina defendatzeko bide judiziala hartu du berriro Euskadik
Gaztela eta Leonek "iruzurraren kontra egiteko borondaterik ez" duela ikusita Eusko Jaurlaritzak bide judizialera joko du berriz, Pilar Unzalu Nekazaritza sailburuak iragarri duenez.
Erredakzioa
Gaztela eta Leonek "iruzurraren kontra egiteko borondaterik ez" duela ikusita txakolina jatorrizko deitura defendatzeko Eusko Jaurlaritzak bide judizialera berriz joko duela iragarri du ostiral honetan Pilar Unzalu Nekazaritza sailburuak.
Jose Antonio de Santiago-Juarez Gaztela eta Leongo Gobernuaren bozeramaileak ostegunean egindako adierazpenak "berehala zuzentzea eta ezeztatzea" eskatu zuen Unzaluk ohar baten bidez. Txakolinaren iruzurrari buruzko "karpeta berezirik zabaldu ez" duela adierazi zuen Santiago-Juarezek, nahiz eta Eusko Jaurlaritzari ikerketak hasi behar zituztela esan zuen.
Unzaluk "arduragabekeria eta errespetu falta instituzionala" aurpegiratu zion Gaztela eta Leongo Gobernuari; hori horrela, "txakolinaren iruzurra ikuskatzeko" eskatu zion Unzaluk Silvia Clemente Gaztela eta Leongo Nekazaritza kontseilariari. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak "epaitu aurreko eskakizunari ekingo dio berehala", izan ere, errekerimendua bertan behera utzi zuen Gaztela eta Leonek ikuskatze lanetan hasi zela uste zuelako.