Gizartea -
Eta autobietakoa
Autobideetako abiadura 110 kilometrotara mugatzea erabaki du Gobernuak
Aldi baterako neurria izango da, baina noiz arte egongo den indarrean ez dute zehaztu, Afrika iparraldeko ezegonkortasunak zenbat iraungo duen ez baitakite.
Erredakzioa
Autobideetako eta autobietako gehienezko abiadura 120 kilometro ordukoa izatetik 110 kilometrora izatera pasako da martxoaren 7tik aurrera. Ministroen Kontseiluak energia aurrezteko neurriak aztertu ditu ostiral honetan eta erabaki hori hartu du. Izan ere, petrolioaren prezioak gora egitea ekarri du Libiako gatazkak.
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteak iragarri zuenez, aldi baterako neurria izango da, baina noiz arte egongo den indarrean ez dute zehaztu, Afrika iparraldeko ezegonkortasunak zenbat iraungo duen ez baitakite.
Era berean, Renfeko hurbileko eta distantzia ertaineko tarifak % 5 murriztea onartu du Exekutiboak. Neurria martxoaren 7an sartuko da indarrean eta aldi baterako izango da.
Neurriak datorren ostiralean onartuko ditu Ministroen Kontseiluak eta eraikuntza publikoen eta hirien argiztapenari eragingo die.
Horniketa bermaturik dago
Petrolioaren prezioaren igoerak horniketari eragingo ez diola errepikatu du Rubalcabak. Libiako gatazkaren ondorioei aurre egiteko Gobernuak kontingentzia egitasmoak prest dituela ziurtatu du Barne ministroak.
Hala ere, petrolioaren igoerak herritarrengan eta Estatuarengan eragin handia duela onartu du Rubalcabak.
Petrolio kupel bakoitza 10 euro garestitzeak energia fakturak urtero 6.000 milioi euro gora egitea suposatzen du, hilero 500 milioi bat euro, gogorarazi du.