Gizartea -
Abenduaren 13an
Abisu horia ezarri dute olatuengatik eta haizeagatik hurrengo orduetarako
Abisu biak osteguneko 12:00etatik 24:00etara egongo dira indarrean. Gainera, nabigaziorako abisua ere ezarriko dute ostiralean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaur, kostaldean 4 eta 5 metrorainoko olatuak espero baitira.
Itsasaldeko arriskua dela eta, nabigaziorako abisu horia indarrean izango da 12:00etatik 24:00etara lehenengo bi milietan. Eguerdian, olatuek 3,5 metroko altuera izan dezakete, eta 4 eta 5 metro artekoak espero dira arratsalderako.
Bestalde, kostaldeko kalteak izateko arriskua dela eta, 19:00etatik 22:00etara egongo da indarrean abisu horia.
Gainera, tarte berean egongo da indarrean haizeagatik ezarri duten abisua. Mendi inguruetan eta kostaldean, 70-100 kilometro orduko haize boladak espero dira.
Ostiralerako ere, antzeko egoera iragarri dute. Horregatik, nabigaziorako abisu horia gaurko 00:00etatik ostiraleko 00:00ak arte luzatuko dute.
Eguraldi iragarpena
Ostegunean, euri txiki-ertaina egingo du egunaren lehen partean; bigarrenean, aldiz, zaparrada txiki eta ertainak botako ditu, batez ere, isurialde atlantikoan. Baliteke trumoi eta ekaitzak ere izatea. Goizean goizetik aurrera, elur-kota 1.200 eta 1.400 metro inguruan egongo da. Goizaldean, hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizeguneetan; goizean goiz, ipar/ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, bereziki kostaldean eta Ebro ibarrean. Tenperatura gutxi jaitsiko da.
Ostiralean, giro berdintsua izango dugu; zaparrada txiki edo ertainak botako ditu, batez ere, egunaren lehen orduetan eta isurialde atlantikoan. Goizaldean, elur-kota 1.200 eta 1.400 metro inguruan egongo da, eta gora egingo du goizak aurrera egin ahala. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, eta maximoetan ez da aldaketarik izango.