Gizartea -
Osasuna
Nafarroako Ospitale Guneko gaixoek menua hautatzeko aukera izango dute
Sendagileak ezarritako dieta jakin bat egin behar ez duten pazienteek eguerdiko zein gaueko menua aukeratuko dute, astearte honetatik aurrera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Ospitale Gunean (Nafarroako Ospitalea, Bideko Ama Birjinaren Ospitalea eta Ubarmin Klinika), pazienteek eguerdiko zein gaueko menua aukeratuko dute, astearte honetatik aurrera.
Sukalde zerbitzua publiko egin zutenetik hartutako neurrietako bat da aipatutakoa, alegia, "dieta gaixoaren gustuen araberakoa izatea, pazienteek nutrizio egokia edukitzea eta ospitaleratuta dauden denboran eroso sentitzea", Osasun Departamentuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Esan bezala, sendagileak ezarritako dieta jakin bat egin behar ez duten pazienteek eguerdiko zein gaueko menua aukeratuko dute. Horretarako, plater nagusi bakoitzeko bi aukera izango dituzte eta postrea ere aukeran izango dute.
Urrian egindako inkesta batean, 10etik 7,58 puntu lortu zituen egunero 820 lagunengana iristen den Nafarroako Ospitale Guneko janari zerbitzuak. Urtean 1,2 milioi menu prestatzen dituzte. Gainera, ospitalean gaua igarotzen ez duten pazienteek ere bertan bazkaldu ohi dute, baita ospitaleratuta dauden umeen gurasoek ere.
Aukera zabalagoa emate aldera, hamabost egunetik behin aldatzen dute menua, eta urtaroaren arabera ere aldatu ohi dute (neguko eta udako menuak daude). Gainera, aldian-aldian egiten dituzten inkestez baliatzen dira plater berriak prestatzeko eta puntuazio baxuena lortzen duten menuak baztertzeko.