Gizartea -
EHUren Arabako Campusa
Espainiaren batasunaren aldeko ekitaldi batean gazte batek jasandako erasoa, ikergai
EHUren Arabako Campusean azaroaren 30ean gazte bati egindako erasoaren egileak identifikatu nahian dabil Ertzaintza.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak ikerketa abiatu du iragan ostiralean, EHUren Arabako Campusean, aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek Letren Fakultateko gazte bati egindako erasoa argitzeko. EHUk eta euskal erakunde eta alderdi politikoek erasoa gaitzetsi dute.
Gazteak salatu duenez, hamar bat lagunek eraso egin zioten Espainiaren batasunaren aldeko plataforma batek egindako ekitalditik irten zenean. Gaztearen lagun batek EFE albiste agentziari jakinarazi dio aurpegia estalita zeukaten bi gaztek ekitaldi horretan egon ote zen galdetu ziotela biktimari. Azken honek baietz erantzun zienean, kolpeka hasi omen zitzaizkion. Berehala, aurpegia estalita zuten pertsona gehiago batu zitzaizkien erasotzaileei, orotara, hamabi bat lagun. Gaztea sendagileek artatu behar izan zuten, zauriak zeuzkalako.
Hasiera batean, bi erasotzaileren bila aritu da Ertzaintza, baina orain arte bildutako testigantzen arabera, "talde handiago batek" parte hartu zuen erasoan.
Horren harira, Iñigo Urkullu lehendakariak "erabat gaitzetsi du erasoa". "Demokrazia ereduarekin eta adierazpen askatasunarekin bateraezina den gertakaria da aipatutakoa", esan du.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere erasoa salatu du, baita Podemos Ahal Duguk ere. Idoia Mendia PSE-EEKo idazkari nagusiak "onartezin"tzat jo du gertatutakoa. Bestalde, Alfonso Alonso PPko buruzagiak elkartasuna adierazi dio gazteari.
Bukatzeko, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea "eraso larri horren" biktimaren alde agertu dira