Gizartea -
Ikerketa
Itxi egin dute 'La Manada'koen Iruñeko ibilbidea ezagutarazi nahi zuen webgunea
Udaltzaingoa tourlamanada.com webgunearen egiazkotasuna eta jatorria ikertzen dabil, oraindik ere. 2016ko uztailean "La Manada" taldekoek egindako ibilbidea ezagutarazteko asmoz ireki zuten ataria.
EiTB.EUS
Itziar Gomez Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotziak Twitter bidez jakitera eman duenez, itxi egin dute tourlamanada.com webgunea.
Iruñeko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du goizean, webgune horren egiazkotasuna eta jatorria ezagutzeko. Izan ere, gaueko ibilaldia eskaintzen zien bisitariei, 2016ko uztailaren 6an "La Manada" taldekoek egindako ibilbidea ezagutarazteko. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur bertan berretsi du La Manada auziko epaia.
Udaltzaingoaren iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, azken orduotan atari horri buruzko informazio asko zabaldu da interneten, eta erabiltzaileak haserre agertu dira horren aurrean. Horregatik, webgunea nork eta zein helbururekin sortu duen ikertzen ibili dira, eta azkenik ixtea erabaki dute.
Webguneari dagokionez, egileek iragarri zuten emakumeen kontrako tratu txarrak salatu nahi zituztela. Gainera, tourlamanada.com-ek turismoa erakartzeko xedea ere bazuela zehaztu zuten.
Bestalde, webgune horretan azaltzen zuten "Iruñea maite duten gidari profesionalek" zuzentzen zutela ibilaldia.
"La Manadakoek argazkia egin zuten lekutik (Zapatari kalearen 17. zenbakia) aterako dira ibilaldiak hileko azken asteazkenetan, eta gau hartan zeharkatu zituzten toki guztietatik igaroko dira, Zezen Plazan bukatu arte. Ondoren, La Manadakoek jantzita zeuzkaten kamisetak erosi ahalko dituzte bisitariek handik gertu dagoen denda batean", iragartzen zuten bertan.