Gizartea -

Babes komunitarioa

Errefuxiatuak hartzeko programa aitzindari batean parte hartuko du EAEk

Proiektu pilotua 2019ko lehen seihilekoan martxan izatea espero du Eusko Jaurlaritzak. 20 eta 30 errefuxiatu artean etorriko dira EAEra; eta, bost udalerritan banatuko dituzte.

Jonan Fernandez eta Monika Hernando programaren aurkezpenean. Argazkia: www.irekia.euskadi.eus
Jonan Fernandez eta Monika Hernando prentsaurrekoan
Euskadik 30 bat errefuxiatu hartuko ditu egitasmo aitzindari bati esker

1:29

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoa errefuxiatuen harreran eta integrazioan aitzindariak diren herrialdeen taldean egongo da, 'Babes Komunitarioa' oinarritzat hartzen duen programa bati esker. Proiektu pilotua 2019ko lehen seihilekoan martxan izatea espero du Eusko Jaurlaritzak; horretarako, Espainiako Gobernuarekin, ACNUR agentziarekin, Caritas Euskadirekin eta EAEko Jesuiten Plataformarekin hitzarmena sinatu du.

Estatu mailan errefuxiatuei ematen zaien laguntza osatzeko eta estatuek jasotzen dituzten errefuxiatuen kopurua handitzeko proiektua da; Kanadan abiatu zen programa, emaitza bikainekin, Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Turkiako eta Jordaniako misioetan jada aukeratutako 20 eta 30 errefuxiatu artean etorriko dira EAEra; eta, bost udalerritan banatuko dituzte.

Babesle Komunitarioen Tokiko Taldeetan boluntario gisa aritzen direnek hartuko dute pertsona horien harrera eta integrazio ardura, eta Caritas Euskadiren eta EAEko Jesuiten Plataformaren babesa izango dute, udalerriaren arabera. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak eta aipatutako erakundeek hitzarmena sinatuko dute ekimen hori lortzeko beharreko urratsak zehazteko. Ekimena, berriz, 2019ko urtarrilean aurkeztuko dute.

Zertan datza programa aitzindari hori?

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, babes komunitarioari esker kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetu egiten da errefuxiatuei ematen zaien harrera; tartean, herritarren, GKEn eta bestelako interesdun taldeen inplikazioa eta antolaketa ematen delako. Herritarrak taldeka bildu eta laguntza ekonomikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko ardura hartzen dute, gehienetan urtebetez.

Kanadako Gobernuak Errefuxiatuak Babesteko Ekimen Globala jarri zuen abian, Nazio Batuen laguntzarekin. Ekimen horren helburua, babes komunitarioko programen ezarpena eta garapena sustatzea da. Programa hori, esaterako, Brasil, Argentina, Irlanda edo Erresuma Batuan ere ezarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Erresuma Batua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Argentina Irlanda Kanada Errefuxiatuak