Gizartea -
Genero indarkeria
Gipuzkoak 27 aldiz aktibatu du eraso sexisten aurkako protokoloa otsailaz geroztik
Foru Aldundiak koordinazio protokolo berri bat sinatuko du Gipuzkoako Udalekin, biktimei eskaintzen zaien arreta "hobetze" aldera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Otsaila eta azaroa artean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 27 aldiz aktibatu du eraso sexistei erantzuteko egindako protokoloa, eta 23 kasutan erantzun publiko instituzionala eman du.
Gainera, koordinazio protokolo berri bat sinatuko du Aldundiak Gipuzkoako udalekin, biktimei eskaintzen zaien arreta "hobetze" aldera. Neurri berriak ezartzeaz gain, gai honekin lotutako nazioarte mailako biltzarra antolatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko otsailerako.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak iazko azaroan aurkeztutako protokolo horren balantzea egin dute, euskara hutsean (Euskaraldia dela eta).
Elgarrestak azaldu du erantzun instituzionalik izan ez duten kasuak ere badirela, biktimek hala eskatu dutelako edota erasoak "hain larriak" izan ez direlako. Izan ere, beti hartzen dute kontuan biktima dela "protagonista".
Olanok, bere aldetik, nabarmendu du emakumeen eta gizonen berdintasuna bilatzea dela gakoetako bat, Gipuzkoa bereizketa gutxien duten Europako lurraldeen artean kokatzeko, eta hori lortu nahian dabilela Aldundia, "berdintasuna politikaren lehen lerroetan" egon dadin.
Gainera, atsekabez esan du indarkeria matxista dela berdintasunik ezaren ondorio mingarriena. Hori dela eta, "horri aurre egiteko, erabateko eraldaketa kulturala egon behar da", Olanoren esanetan.
Bestalde, Olanok txalotu egin du indarkeria matxista azaleratzen ari den gai bat izatea, horrek politika egokia egiten ari direla erakusten duelako. "Geroz eta berdintasun politika gehiago bultzatu, geroz eta kasu gehiago bistaratuko dira", adierazi du.
Elgarrestak Aldundiaren protokoloa noiz aktibatzen den azaldu du: "Indarkeria sexista kasu baten berri dugunean, eta, udalekin batera, beharrezkoa den informazioa batu eta egiaztatu ostean, biktimarekin jartzen gara harremanetan, eta gertatutakoa baloratzen dugu. Ondoren, erantzun publiko instituzionala ematen dugu".