Gizartea -

Nafarroa

'La Manada'ren epaileek 10 hilabeterekin zigortu dute hilketa matxista saiakera bat

Argudiatu dutenez, gizonak 'libreki eta bere borondatez' erabaki zuen emazte ohia ez hiltzea. Labanaz eraso zion eta itotzen saiatu zen seme-alaben aurrean.

Nafarroako justizia jauregia, artxiboko argazki batean. EFE
Nafarroako justizia jauregia, artxiboko argazki batean. EFE
Nafarroako justizia jauregia, artxiboko argazki batean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'La Manada' auzia epaitu zuen Auzitegiak, Nafarroako Lurralde Auzitegiko 2. sekzioak, 10 hilabete eta 15 eguneko kartzela zigorra ezarri dio emazte ohia hiltzen saiatu zen gizon bati. Izan ere, hilketa delituagatik (saiakera mailan) beharrean, ezohiko tratu txarrengatik zigortu du, eta argudio gisa honakoa erabili du: erasotzaileak "libreki eta bere borondatez" erabaki zuela emakumea ez hiltzea. Dena dela, epaileek "frogatutako egitateen" artean aipatu dituzte gizonak labanaz eraso ziola emazte ohiari, eta itotzen ere saiatu zela; dena bi seme-alaba adingabeen aurrean.

Gizonaren defentsak ordezko zigor moduan eskatutakoa (bi urteko kartzela zigorra) baino txikiagoa da Auzitegiak ezarritako zigorra. Fiskaltzak zortzi urte eta erdikoa eskatzen zuen; akusazio partikularrak, 10 urtekoa.

"Frogatutako" egitateen atalean, honakoak aipatzen ditu epaiak. 2017ko ekainaren 22an, gizona emazte ohia eta bi seme-alabak bizi ziren etxera joan zen ordenagailu bat hartzen (sei hilabete zeramatzaten bananduta, eta hiru egun gerorago dibortzioaren paperak sinatu behar zituzten). "Eztabaida gogor" bat izan zuten, eta une batean, "auzipetua sukaldera joan zen eta 15 cm-ko xafladun aizto bat hartu zuen, emakumearen kontra egin zuen, haren bizia arriskuan jartzen ari zela jakitun". Emakumeak bere burua babesten eta aiztoa kentzen saiatu zen, eta borroka horretan, "zauri txiki bat izan zuen, zentimetro batekoa". Ondoren, "auzipetuak ezkerreko eskua emakumearen lepoan jarri eta gogor estutu zuen. Emakumea estu eta larri eta itolarrian zegoela konturatu zenean, libreki eta bere borondatez, lepoa estutzeari utzi zion gizonak", ageri da epaian.

Bikotearen bi seme-alabak erasoaren lekuko izan ziren. Alaba nagusiak, sei urtekoak, honakoa oihukatu zion aitari: "Utzi bakean, ez ezazu hil".

Hori guztia gorabehera, gizonak emakumea hiltzeko asmorik ez zuela uste du Auzitegiak, eta honakoa argudiatzen du behin eta berriz: "Libreki eta bere borondatez" hala ez egitea erabaki zuela. Epaian zortzi aldiz aipatzen du argudio hori.

Gizonaren erantzukizuna arintzeko hainbat arrazoibide aipatzen dituzte epaileek. Hala nola, auzipetua zenbaitetan etxera joaten zela, banatzeko akordioa lortu zutela biek, edo gizonaren antsietate maila.

Kartzela zigorraz gain, bi urte eta erdiz guraso-ahala egikaritzeko desgaikuntza berezia, eta bi urte eta 10 hilabetez emazte ohiarengana eta seme-alabengana 500 metro baino gutxiagora ez hurbiltzeko agindua ezarri diote gizonari.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa ‘La Manada’ auzia