Gizartea -

Erasoa

Gizon bat salatu dute Bilboko balkoi batetik txakurkume bat jaurtitzeagatik

Aprova Animalien Elkarteak salatu duenez, azaroaren 17an gertatu zen erasoa Bilbo Zaharreko ostatu batean. Txakurkumea bizirik eraman zuten albaitaritza klinikara, baina berehala hil zen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aprova Animalien Elkarteak Bilboko Udalean salatu duenez, gizon batek txakurkume bat hil zuen iragan astean, ostatu bateko balkoitik jaurtita. Hori dela eta, gertatutakoa ikertzeko eskatu du elkarte horrek, animalien babeserako Udal Ordenantzaren "arau-hauste larria" dela iritzita.

Salaketan jaso dutenez, azaroaren 17an gertatu zen erasoa, 02:00ak aldera. Ordu horretan, Bilbo Zaharreko ostatu bateko balkoitik jaurti zuen txakurra.

Aprovaren arabera, une hartan bertan zegoen lagun talde bat "eraso larriaren" lekuko izan zen. Bizilagun batek txakurkumea hartu eta Indautxuko Albaitaritza Klinikara eraman zuen, baina berehala hil zen animalia.

Horregatik, animalien aldeko aipatu elkarteak salaketa jarri du Osasun eta Kontsumo Sailean, eta gogora ekarri du Bilboko Udal Ordenantzaren 25. artikuluak dioena: "Oso larriak dira animalien heriotza eragiten duten erasoak".

Gainera, 26. artikuluak zehazten du "oso larriak" diren arau-hausteak 1.500 euroko isunarekin ordainduko direla. Gauzak horrela, gertatutakoa ikertzeko eta erasotzaileari dagokion zigorra ezartzeko eskatu dio Aprovak Udalari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Animaliak