Gizartea -

Gotzain Konferentzia

Gil Tamayo: 'Elizak isilune konplizea gorde du pederastiaren aurrean'

"Inork baino testigantza koherenteagoa izan behar du Elizak, baina horrek ez du esan nahi beste inor isilunearen kultura bateratu horretatik salbuetsita dagoenik", esan du.

Gil Tamayo. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Gil Tamayo. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Gil Tamayo. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Gil Tamayo Espainiako Gotzain Konferentziako idazkari nagusiak onartu egin du Elizak, hainbat urtez, erakunde horren baitan egon diren pederastia kasuen aurrean "isilune konplizea" gorde duela, baina "Espainiako gizarteak" ere antzeko jarrera izan duela adierazi du.

"Egia da Elizak inork baino testigantza koherenteagoa izan behar duela, baina horrek ez du esan nahi beste inor isilunearen kultura bateratu horretatik salbuetsita dagoenik", gaineratu du.

"Orain, gizarteak bidezko zigorra ezarri du, baina duela gutxira arte gai horrekin utzikeria egon da, zoritxarrez beste kontu batzuekin gertatu den bezala; emakumearen kontrako indarkeriarekin, adibidez", gaineratu du.

Elizak pederastiaren aurrean duen erantzukizuna eta gorde duen isilunea onartu ostean, Gil Tamayok azpimarratu du Espainian aipatu erakundearen izena zikintzeko "berariazko" kanpaina dagoela, eta kasu askotan "lekukotasunak espektakulu bihurtze aldera", biktimak "erabili" egin direla.

Gil Tamayoren iritziz, kanpaina mediatiko eta politiko baten bidez, Eliza "kriminalizatzen" ari dira, "eta Elizak berak ere badu zeresana beste kontu batzuetan".

Halaber, argi utzi du ez dagoela ados pederastei Elizak jarritako zigor "arinekin". "Estatuaren aldetik are arinagoak izan dira zigorrak, pederastia kasuak preskribatu eta horien biktima izan diren pertsonei defendatzeko aukera kendu baitzaie", azaldu du.

Horregatik, "irtenbide bateratu bat" bilatzeko beharrizana nabarmendu du, pederastia kasuen aurrean gizarte guztiak dagokion erantzukizuna bere gain har dezan. "Ezin dira erasoak zenbatu, baina lanean ari gara kasu horiek saihesteko, sendatzeko, konpontzeko eta zigortzeko, Elizaren pederastiarekin bukatu nahi dugulako", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak