Gizartea -
LGTBI+ topaketak, Iruñean
Aniztasunarekiko konpromiso handiagoa eskatu diete erakundeei LGTBI+ taldeek
"Aniztasun horri erantzungo dioten politika publikoetan aurrerapausoak ematea da helburua", ostiraletik Iruñean egiten ari diren topaketetan nabarmendu dutenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LGTBI+ topaketen XXX. edizioa egiten ari dira Iruñean ostiralaz geroztik, eta ehunka lagunek eta hainbat erakundek hartu dute parte horietan. Bertan nabarmendu dute beharrezkoa dela "erakunde publikoek sexu eta genero aniztasunarekiko konpromiso handiagoa erakustea".
Hain zuzen ere, "aniztasun horri erantzungo dioten politika publikoetan aurrerapausoak ematea da helburua", parte-hartzaileen arabera.
Esan bezala, Iruñeko Baluarten batu dira egunotan Estatuko leku ezberdinetatik iritsitako LGTBI+ taldeetako ordezkariak. Guztira, 200 pertsona inguru izan dira, ostiraletik gaur arte.
Topaketa horietan aho bateaz onartutako adierazpenean, "sentsibilizazio eta parte-hartze proiektuak" gauzatzea ere eskatu diete erakundeei, baita LGTBI+ pertsonei lagunduko dieten zerbitzu integralak martxan jartzea ere.
"Hau da, aniztasunaren aldeko babes argia eta irmoa aldarrikatzen dugu", dio adierazpenak.
Gauzak horrela, helburu horiek betetze aldera, beharrezkoak diren mekanismoak "berehala" onartzea eta ezartzea exijitu diete sinatzaileek autonomia erkidegoetako gobernuetako ordezkariei, besteak beste, "gizarteari mezu garbia eta bateratuta bidalita".
Bukatzeko, nahi duten talde edo norbanako guztiek Iruñean igande honetan hitzartutako adierazpenarekin bat egiteko aukera dutela adierazi dute sinatzaileek.