Gizartea -
Osakidetza
Tuberkulosi kasu bat atzeman dute EHUren Leioako campusean
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle bat da gaixoa. Osakidetzak protokoloa jarri du martxan.
Agentziak | Erredakzioa
EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko (Bizkaiko Campusa, Leioa) ikasle bat tuberkulosiak jota dagoela baieztatu du Osakidetzak, eta hala, protokoloa jarri du martxan Euskal Osasun Zerbitzuak.
Osakidetza EHUko arduradunekin jarri da kontaktuan, eta datozen egunetan gaixoarekin harremanetan egon diren pertsonei —EHUko langileak zein ikasleak— probak egingo dizkiete kutsatuta ote dauden argitzeko, eta hala balitz, tratamendu egokia emateko.
Osasun Zerbitzuko arduradunek gogorarazi dutenez, tuberkulosia gaixotasun arrunta da, eta tratamendu egokia emanda osatzen da. Bizkaian 120 kasu berri atzematen dituzte urtero.
Aire bidez kutsatzen da, eztula edo hitz egitean, baina hura transmititu ahal izateko elkarbizitza estu eta luzea behar izaten da.
Tuberkulosia eragiten duten baziloa oso sentikorra da kanpoko baldintzekiko, eta hortaz, ez da aparteko neurririk egin behar instalazioetan, eta erabateko normaltasunez jarrai dezake jardunean.
Hori horrela, Osakidetzak "lasaitasun mezua" zabaldu nahi du hezkuntza komunitatearen baitan, beharrezko prebentzio neurriak hartu baitira.