Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia elurragatik barnealdean, astelehenera arte

Egunik txarrena igandea izango da, elur-maila 700-800 metrora jaitsiko baita. Bizkaian eta Araba mendebaldean botako du gehien.

Elurra Belaguan, larunbat goizean / EFE.
Elurra Belaguan, larunbat goizean / EFE.
Elurra Belaguan, larunbat goizean / EFE.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak astelehenera arte luzatu du barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia. Larunbat arratsaldean jarri da indarrean, eta asteleheneko 12:00ak arte egongo da indarrean.

Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere abisu horia ezarri du elurragatik Nafarroako Pirinioetan, kasu honetan pilatzeagatik. Izan ere, 1.200 metrotik gora 5 zentimetro pila daitezke, iragarpenaren arabera. Larunbatean eta igandean egongo da indarrean abisua.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Artikotik etorritako aire-masa hotz bat sartu da, eta elur-kota 600-800 metrora jaistea ekarriko du. Denboraldiko lehen elurtea izango da, eta elurraren presentzia berezia da urteko sasoi honetan.

Larunbat goizetik, elurra Aizkorrira heldu da, 1.523 metrora. Denboralearen unerik latzena igandean izan daiteke, elur-kota 600 eta 800 metro artean kokatzen denean, ekaitz-guneetan oraindik beherago agertzea baztertu gabe.

Elur maila 1.000 metrotik behera jaitsi denez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bide-Zaintza Plana aktibatu du, Jarraipen eta Berri-emate egoeran.

Larunbatean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait estaziok 0 gradutik beherako tenperaturak erregistratu dituzte.

Igandean, beherago kokatuko da elur-maila, 700-800 metro ingurura, beherago ekaitz guneetan.

Egunaren lehen zatian zaparrada txikiak botako ditu han-hemenka eta noizbehinka, batez ere kantauri isurialdearen mendebaldean. Arratsaldean, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariago eta sarriago kantauri isurialdean, egunaren amaieran.

Gainera, baliteke zaparradak trumoitsuak izatea eta txingorra botatzea

Goizaldean ostarte zabalak ireki daitezke, bereziki ekialdean. Izotz txikia egingo du barnealdean. Izan ere, abisu horia muturreko tenpera baxuengatik eta izotzagatik dago aktibatuta barnealdean, gauerditik 10:00ak arte.

Aurreikusitako lodierak: 5-15 cm 1.000 metrora, 0-1 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.

Astelehenean apaldu egingo da denboralea, baina eguerdia arte elur-kota 600-800 metrora kokatuko da. Eguerditik aurrera, igotzen joan da, 1.000 metroraino. Zaparrada ertainak botako ditu isurialde atlantikoan. Gainerako tokietan zaparrada txiki-ertainak botako ditu.

Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrora, 0-1 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak bideoak Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Hotz bolada