Gizartea -
Konstituzio Auzitegia
Ikasgeletan gaztelania eta euskara 'antzera erabiltzea' agindu ahalko du Estatuak
Lehen Hezkuntzan euskarari eta gaztelaniari "antzeko erabilera" ematea "Estaturen gehiegikeria" dela iritzi zion Jaurlaritzak, EAEk hezkuntza arloan duen eskumena bere gain hartzen duelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Konstituzio Auzitegiak (KA) atzera bota du Eusko Jaurlaritzak, eskumen gatazka baten harira, Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE) aurka aurkeztutako salaketa. Bertan, Lehen Hezkuntzan euskarari eta gaztelaniari erabilera berdintsua ematea "Estaturen gehiegikeria" dela irizten zion Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntza arloan duen eskumena bere gain hartzen duelako.
2014an LOMCEren kontra Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako idatzi hori PPren gehiengoarekin onartu zuten urtebete lehenago. Gainera, 'Wert Legea'k EAEren erabakia kontuan hartzen ez zuela zioen idatziak, gaztelaniaren eta euskararen 'antzeko erabilera' hori inposatzea "esku-sartzea" zela argudiatuta.
Salaketan, Eusko Jaurlaritzak zehazten du LOMCEk irakasgai ardatzetako eduki komunak "modu sakonean" arautzen dituela, eta horrek autonomia erkidegoen eskumena "urratzen" duela.
"Estatua gaztelaniaren ezagutza bermatzera mugatu behar da, hizkuntza koofizialaren afera Euskal Autonomia Erkidegoari baitagokio. Hortaz, hori arautzeko jarrera hartzen badu, ez ditu eskumenak errespetatzen", dio salaketak.
Alabaina, Konstituzionalak atzera bota du Jaurlaritzak aurkeztutako salaketa "konstituzio-doktrinaren arabera, defendatu ezin den premisa duelako oinarri", alegia, "EAE ez delako hizkuntza koofizialaren heziketa arautzeko eskumena daukan bakarra".
Ildo horretan, Konstituzio Auzitegiak babestu du Estatuak ez duela eskumenik urratzen. Izan ere, "LOMCEk badu Hizkuntza Koofiziala eta Literatura izeneko arlo bat bi hizkuntzen arteko desberdintasunak saihestea helburu duena".