Gizartea -

Bartzelona-Londres hegaldia

Ryanairrek kritikak jaso ditu eraso arrazista baten aurrean erakutsitako jarreragatik

Eserlekutik altxatzeko agindu zion bidaiari britainiar batek aldamenean zeukan emakume nigeriarrari. "Sasikume beltz itsusia, ez hitz egin hizkuntza atzerritar batean", esan zion garrasika.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salaketa jarri dute Ryanair hegazkin-konpainiaren kontra, eraso arrazista baten aurrean erakutsitako jarreragatik. Hain zuzen ere, Londrestik Bartzelonara zihoan hegazkin batean izandako erasoaren aurrean neurririk hartu ez izana egotzi diote.

Dirudienez, bidaiari britainiar batek eserlekutik altxatzeko agindu zion aldamenean zeukan emakume nigeriar bati. "Sasikume beltz itsusia, ez hitz egin hizkuntza atzerritar batean", esan zion garrasika. Bidaiariaren jarrera erasokorra ikusita, emakumea lekuz aldatu zuten.

Bien bitartean, hegazkinean zihoan beste bidaiari batek erasoa grabatu zuen telefono mugikorrarekin, eta sare sozialetan partekatu ostean, harrabotsa eragin du erabiltzaileen artean. Bideoan argi ikusten da 77 urteko emakume jamaikarrak jasandako erasoa. Gainera, haren alaba ageri da erasotzaileari azalpenak ematen: "Nire amak desgaitasun bat dauka, horregatik mugitzen da hain geldo".

Alabaina, gizonak hegazkineko laguntzaileei eskatu zien emakumea beste eserleku batera mugiarazteko, bestela bultza egingo ziola erantsita. Horren aurrean, atzeko jarlekuan zihoan gazte batek lasai hartzeko eskatu zien biei, egoera baretu nahian edo.

Azkenik, hegazkineko laguntzaileak bi bidaiariekin negoziatzen saiatu ziren, eta emakumea lekuz aldatzeko erabakia hartu zuten, gizonari hegaldia hartzea debekatu beharrean. Horixe zen, hain justu, gainerako bidaiariek eskatu zutena, alegia, gizonezkoa hegazkinetik ateratzea edota tokiz aldatzera behartzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak