Gizartea -

Uholdeak

Hildako bat eta kalte eta ebakuazio ugari eragin ditu ekaitzak Andaluzian

Kamioi batean erreskate lanetan parte hartzera zihoan suhiltzaile bat hil da Malagan. Aemeten aurreikuspenen arabera, astelehenetik aurrera egonkortu egingo da egoera.

Suhiltzaile bat hil da Malagan / EFE.
Suhiltzaile bat hil da Malagan / EFE.
Suhiltzaile bat hil da Malagan / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andaluzia hegoaldea astintzen ari den ekaitzak hildako bat eta dozenaka pertsona auto eta etxeetan harrapatuta utzi ditu Malagan. Zenbait errepide itxi behar izan dituzte, eta kalte handiak eragin ditu Malaga eta Sevilla probintzietan.

Suhiltzaileek hilik topatu dute lankide bat, Jose Gil Gutierrez (45 urte), erreskate lanetan parte hartzen ari zela, horren kamioia irauli ondoren.

Andaluziako Juntak Malagako Larrialdietako Planaren 2. maila aktibatu du. Larrialdietako Emergentzia Unitateak ere parte hartu du, 85 militar eta 35 ibilgailurekin.

112 larrialdietarako zerbitzuak 500 gertakaritik gora koordinatu ditu, batez ere Malagako probintzian.

Rondan, 30 lagun erreskatatu dituzte ostalaritza-establezimendu batetik, eta Zalditeria Eskolan harrapatutako beste bost pertsona. Campillosen, ehunka pertsona senideen etxeetara eraman behar izan dituzte, horien etxebizitzak urak hartu dituelako, eta 20 lagun garaje baten teilatuan harrapatuta geratu dira.

Udalerri horretan, erreskate eta garbiketa lanetan laguntzeko traktoreak eta batelak uzteko eskatu diete Francisco Guerrero alkateak herritarrei.

Gainera, autobus batean zihoazen 66 pertsonari lagundu behar izan diete, errepidean blokeatuta geratu direlako. Urak eramandako beste 15 ibilgailu ere erreskatatu dituzte.

Sevilla probintzian, zenbait herritar ebakuatu dituzte, Yeguas ibaiaren ur-mailak gora egin ondoren. Hiriburuan zein herrietan, kale-argiak eta adarrak erori dira galtzadara, errepideak eta kaleak urez bete dira, ibilgailuak harrapatuta geratu dira putzuetan, uholdeak izan dira etxebizitzetan eta ibaiek gainezka egin dute.

Malagan eta Sevillan hainbat errepide itxi dituzte.

Andaluziako presidentea, Susana Diaz, Campillos eta Sierra de Yeguas udalerrietan egon da, Espainiako Gobernuak bertan duen ordezkari Alfonso Rodriguezekin eta Elias Bendodo Malagako Diputazioaren presidentearekin batera.

Herritarrei "arreta handia" izateko eskatu die Diazek, eta segurtasun indarren gomendioak kontuan izateko.

Egonkortasuna astelehenetik aurrera

Espainiako Meteorologia Agentziak (Aemet) bere horretan utzi du alerta gorria (muturreko arriskua) Malagan, Sol eta Guadalhorce eskualdeetan. Aurreikuspenak betez gero, ordubetean 30 litro pilatuko dira metro karratuko, eta hamabi orduan, 130.

Cadiz eta Sevilla alerta laranjan daude, eta abisu horia aktibatuta dago Ciudad Realen, Toledon eta Extremaduran.

Aemeten aurreikuspenen arabera, astelehenetik aurrera egoera egonkortu egingo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Denboraleak Gizartea Uholdeak Suhiltzaileak