Gizartea -
Pobrezia
Munduko herritarren % 46k eguneko 5,50 euro baino gutxiago dituzte bizitzeko
Europar Batasunean, biztanleriaren % 22,5 egon zen iaz bazterketa pairatzeko arriskuan. Pobrezia gutxien dauden herrialdeen artean dago Frantzia; Espainia, aldiz, 26 herrialdeetatik 21.a da.
Agentziak
Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna da gaurkoa, eta horren harira, hainbat datu ezagutarazi dituzte erakundeek. Munduko Bankuak egindako txosten baten arabera, herritarren % 46k, hots 3.400 milioi pertsonak, eguneko 5,50 euro baino gutxiago dituzte bizitzeko (2015eko datuak). Hala, oinarrizko beharrizanak asetzeko "zailtasun handiak" dituzte.
Bankuak honako irizpideak ezarri ditu txostena egiteko: diru-sarrera ertain-baxuak dituzten herrialdeetan eguna pasatzeko 3,20 dolar baino gutxiago izatea pobrezia egoeran egotea da, eta 5,50 dolarrean jarri du txirotasun egoeraren muga.
Duela hiru urteko datuen arabera, 1.900 milioi pertsonak (% 26,2) eguneko 3,20 dolar baino zituzten; % 46k 5,50 dolar baino gutxiago zituzten eguneroko gastuei aurre egiteko.
Europar Batasunean (EB), herritarren % 22,5 zegoen iaz pobreziaren atarian, Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak gaur jakinarazi duenez.
Txirotasun maila apalena duten herrialdeen artean, Txekiar Errepublika dago denen buru: biztanleriaren % 12,2 dago gizarte-bazterketa atarian. Finlandia (% 15,7), Norvegia (% 16,1), Eslovakia (% 16,3), Herbehereak (% 17) eta Eslovenia (% 17,1) ageri dira ondoren.
Frantzia zazpigarrena da zerrendan, biztanleriaren % 17,1 dago pobrezian. Espainia 27 herrialdeetatik 21.a da (% 26,6, pobreziaren atarian), iazko tasa hobetu badu ere.
Bulgaria zerrendaren azken tokian ageri da: bulgariarren % 38,9 txiroak dira. Ondotik datoz Errumania (% 35,7), Grezia (% 34,8), Lituania (% 26,9) eta Italia (% 28,9).
Emakumezkoek bazterketa arrisku handiagoa dute (% 23,3), gizonezkoekin alderatuta (% 21,6). Era berean, langabeek (% 61,3) landunek (% 14,9) baino arrisku gehiago dute.
Haurrik ez duten familien aldean ( % 23,3), umedunek pobre izateko arrisku gehiago dute (% 29,8).
Haur pobrezia, gurpil zoroa
Hain justu, haur pobreziaren tasa altuaz ohartarazi du Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA, ingelesez). Emandako datuen arabera, adingabeen % 26,4 (25 milioi) pobrezia edo gizarte bazterketa pairatzeko zorian daude. Agentziaren hitzetan, krisia hasi zenetik kopurua ez da ia aldatu, eta migrante eta gutxiengoei eragiten die batez ere.
Haur pobreziak gurpil zoroa bezala funtzionatzen du, FRAren esanetan. Umetan txiro direnek heldutasunean ere pobre izateko aukera gehiago dituzte; baita euren seme-alabak pobreak izatekoa ere.
Europar Batasuneko herrialdeen artean ezberdintasun handiak daude: Errumanian adingabeen ia % 49,2 txiroak dira; Danimarkan, % 13,8, eta Espainian, % 32,9.
"Herrialde batzuek hobeto egin zioten aurre krisialdiari, gizarte zerbitzuen babesa hobeto ezarrita zegoelako. Barne Produktu Gordinaren zati bat haurtxarora bideratzen bada, hobeto aurre egingo diogu krisiari", azaldu du Monica Gutierrez txostenaren egileetako batek.