Gizartea -
'Alakrana' auzia
Abdu Willy: 'Neu ere Alakranaren bahiketaren biktima bat naiz'
Bi ustezko piratek gaur deklaratu dute epaiketan. Ontzira igotzera eta armak hartzera behartu zituztela ziurtatu dute.
Erredakzioa
Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman atxilotuek, 2009ko urrian ''Alakrana'' itsasontziaren lapurretan parte hartzea egotzita, gaur deklaratu dute Auzitegi Nazionaleko epaiketan.
Abdu Willyk bera eta Raageggesey Adji Haman abordaia egin zutenek bahitu egin zituztela ziurtatu du, eta horregatik igo zirela ontzira. Arma bat hartzera behartu zutela gaineratu du, baina ez ziola inori minik egin. Horrez gain, kolpeak jasotzeari edo hiltzeari beldurra zietelako men egin zietela aginduei adierazi du.
"Nola liteke norbaiti mehatxu egitea, ni ere bahituta naukatenean eta beldurra dudanean?" galdetu du Abdu Willyk epailearen aurrean egon den bitartean, eta "biktima bat" dela esan du.
Ahozko ikustaldia era formalean hasi da, urtarrilaren 28an Auzitegiak Gaizka Iturbe koipeztatzaileak lekuko bezala egindako adierazpenak aurretiazko froga moduan hartu ondoren. Hark ''Alakrana'' ontziko 36 tripulatzaileek gatibualdian bizi izandako oinazea azaldu zuen eta bi akusatuak bahitzaileen taldearen partaide bezala identifikatu zituen. Deklarazio horien aurrean, Abdu Willyk Iturbek gezurra dioela ziurtatu du.
Raageggesey Adji Haman bigarren auzipetuak ere "biktima" bat bezala aurkeztu du bere burua. Halaber, "kostaldetik 4 edo 5 miliatara" arrantzatzen ari zirenean, erasotzaileek "indarraren indarraz" hartu eta ''Alakrana''ra igotzera behartu zituztela baieztatu du.
Auzitegi Nazionaleko fiskalak, Jesus Alonsok, 220 urteko kartzela-zigorra eskatu du bi auzipetuentzat, legearen kontrako 36 atxiloketa (bahitutako marinel bakoitzarengatik bat), indarkeriaz eta larderiaz lapurtzea eta armak erabiltzea egotzita.
Epaiketak gaur arratsaldean jarraituko du Ricardo Blasch ''Alakranako'' patroiaren deklarazioarekin.