Gizartea -
Gipuzkoa
Hernanin behera etorritako zubia Urumea ibaitik kentzeko lanean jarraitzen dute
Uraren Euskal Agentziak azaldu duenez, ibaia lehenbailehen garbitzeko eta emariari bide emateko lanean ari dira. Azken orduotako prezipitazioen eraginez ur-goraldi handia izan daiteke.
Agentziak | Erredakzioa
Hernaniko (Gipuzkoa) Lastaola industrialdean larunbatean behera etorri zen zubiak Urumea ibaiaren erdialdean utzitako taula kentzeko lanean jarraitzen dute, urari bide egin eta ur-goraldietan ez buxatzeko.
Uraren Euskal Agentziak (URA) jakitera eman duenez, lekuan hiru hondeatzaile daude, hondakinak bidetik kendu eta Urumearen emariari bide egiteko.
Zubia 07:20 aldera behera etorri zen atzo. GI-3410 errepideak Urumea zeharkatzen du bertan, baina tartea itxita zegoen jadanik, oinezkoentzako arriskutsua zelako. Aurretik hartutako segurtasun neurri horri esker, ez da inor zauritu.
URAk atzo bertan hasi zuen Urumea ibaiaren gainean geratutako taula bidetik kentzeko "premiazko lana". Izan ere, azken orduotako prezipitazio handien eraginez ur-goraldia nabarmena izan daiteke, eta baliteke ibaiak gainezka egitea.
Uraren Euskal Agentziak azaldu duenez, ibaia lehenbailehen garbitzeko eta emariari bide emateko lanean jarraitzen dute. Azken orduotan euri ugari egin duen arren, beharginak Urumeara jauzitako zubi-hondarrak ateratzen ari dira, uraren maila hazaraztea saihesteko.