Gizartea -
Etxebizitza Legea
EAEn hutsik dauden 20.840 etxebizitzatan ezar lezakete Etxebizitza Legea
Eusko Jaurlaritzak etxebizitzen erabilerari buruzko txosten bat aurkeztu du gaur, 2017ko datuak jasotzen dituena. Horren arabera, hutsik dauden 20.840 etxebizitzatan ezar lezakete Etxebizitza Legea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoan, 20.840 dira hutsik dauden eta Etxebizitza Legea ezartzeko baldintzak betetzen dituzten etxebizitzak.
Iñaki Arriola sailburuak etxebizitzen erabilerari buruzko txosten bat aurkeztu du gaur, 2017ko datuak jasotzen dituena. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak lege horren artikulu gehienak babestu zituen atzo, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eta udalei hutsik dauden eta "funtzio soziala" betetzen ez duten etxebizitzak desjabetzeko aukera ematen dien artikulua. Hori horrela, egun bat geroago, aipatu txostena aurkeztu du Jaurlaritzak.
Horren arabera, EAEn, guztira, 34.466 bizileku daude hutsik. Alabaina, horietatik 13.626 urtean sei hilabete soilik egoten dira hutsik. Beraz, ez dute Etxebizitza Legeak jasotako bi urteko epea betetzen. Kontrara, badira gutxienez bi urtez hutsik egon diren 20.840 etxebizitza.
Auzitegi Konstituzionalaren epaia ezagututa, araudi berria zehaztuko du Jaurlaritzak 2019ko bigarren seihilekoan. Ondoren, udalen esku geratuko da legea ezartzea.
Orain arte, udal bakar batek ere ez du legea aplikatu, Auzitegi Konstituzionalean ezarritako helegitearen zain zeudelako.
Ildo horretan, Arriolak berretsi du lege horrekin etxebizitza hutsetan "mugimendua" egotea lortu nahi dutela, dela alokatuta, dela salgai jarrita. Horregatik, baldintza horiek betetzen ez dituzten etxebizitzen jabeek zigorra jasoko dute. Horren aurrean, alegazioak aurkezteko aukera izango dute ugazabek.
Arriolak gogora ekarri du bigarren etxebizitza bezala erabiltzen diren pisuek ez dutela zigorrik jasoko, ezta lan eta osasun arrazoiengatik edota larrialdi sozialengatik hutsik geratu direnek ere.
Txostenaren datuak
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako txostenak erakusten du biztanleria handiena duten hirietan txikiagoa dela etxebizitza hutsen kopurua.
Lurraldeka banatuta, Bizkaian 16.456 etxebizitza huts daude (EAEko pisu hutsen % 47,7). Gipuzkoan, berriz, 11.610 (% 33,7) dira hutsik dauden pisuak, eta Araban 6.400 (% 18,6).