Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Alakrana epaiketa: 'Heriotza oso gertu ikusi nuen'

Gaizka Iturbe izan da lehenengo arrantzalea Somaliako itsas-lapurren kontrako epaiketan deklaratzen. 47 egun iraun zuen bahiketaren momenturik latzenak ekarri ditu gogora.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Alakrana'' atunontziko 36 arrantzaleetako bat, Gaizka Iturbe, deklaratzen izan da Auzitegi Nazionalean, Bermeoko ontzia 47 egunez bahitzea (2009ko urriaren 2an) egotzita epaitzen ari diren bi somaliarren epaiketan.

Iturbe, ''Alakrana''ko koipeztatzailea eta prozesuan akusazio partikularra egin duten lauretako bat lehenengo lekukoa izan da Cabdullahi Cabduwily, Abdu Willy, eta Raageggesey Hassan Ajiren kontrako epaiketan. 220 urteko kartzela-zigorra eskatu dute biontzat.

Iturbek eten egin behar izan du behin baino gehiagotan deklarazioa, oso urduri baitzegoen. Adierazi duenez, beldur handia sentitu zuen bi auzipetuak Canarias ontziak atzeman zituenean: "Oso urduri zegoen batek pistola hartu eta kargatu zuen, eta ez gintuen hil beste batek eskua gainean jarri ziolako. Lehenengoz ikusi nuen heriotza oso gertu".

Gogoratzen duen bigarren momenturik latzena hiruko taldeetan banatzen hasi zirenean eman zen. Itsas-lapirrek euren senideekin eramango zituztela esan zieten "lintxatu eta horiekin nahi zutena" egin zezaten, Espainiako Gobernuak euren "eskariak" onartu ezean.

"Zubiaren gainean bazzoka bat soinean zeraman bat jarri zen, arma kargatu eta gure buruen gainetik tiro egin zuen. Geroago, gauza bera egin zuen metrailadore batekin", arrantzaleak malko artean deklaratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea