Gizartea -
Tratamendu onkologikoa
Urtean 500 gaixori emango die erradioterapia Gurutzetako azeleragailu lineal berriak
Tumoreen aurkako tratamendua inoizko doitasun eta abiadura handienarekin egitea ahalbidetuko du azeleragailu linealak. Gainera, albo-ondorioak arinduko dizkie gaixoei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpon Osasun sailburua eta Jose Arnau Amancio Ortega Fundazioko presidenteordea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean izan dira gaur, bertan jarri duten erradioterapiarako azken belaunaldiko azeleragailu lineala ezagutzen. Urkulluk adierazi duenez, "gaixotasun onkologikoak tratatzeko azeleragailu honen bidez, urtero 500 gaixok jasoko dute tratamendua".
"Egun dagoen azeleragailu lineal zehatz, fidagarri eta osatuena da, eta kontzeptu berri bat dakar: zauri txikiko erradioterapia", gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortega Fundazioak iazko apirilean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean jasotako bost azeleragailuetako bigarrena da aipatutakoa (lehenengoa Donostia Unibertsitate Ospitalean jarri zuten, uztailean). Gaixotasun onkologikoen diagnostikoa eta tratamendua hobetze aldera, 14.700.000 euroko inbertsioa egin dute Osakidetzan.
Hala, azeleragailu berriak profesionalentzat zein gaixotasun onkologikoak dituzten gaixoentzat sekulako abantailak ekarriko ditu. Osasun arloko profesionalekin bildu ostean, Urkulluk honako adierazpen hauek egin ditu: "Konpromiso irmoa dugu minbiziaren prebentzio eta detekzio goiztiarrarekin". Izan ere, bularreko, koloneko eta umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarra da, oraindik ere, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren lehentasunetako bat.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko onkologia zerbitzuan martxan jarriko duten azeleragailu lineal berriari dagokionez, erradioterapia eta irudi bidez gidatutako erradiokirurgiako plataforma aurreratua da. Tumoreen aurkako tratamendua inoizko doitasun eta abiadura handienarekin egitea ahalbidetuko du, eta, gainera, albo-ondorioak arinduko dizkie gaixoei.