Gizartea -

Epaiketa

Aliciaren ustezko hiltzaileak ez zuen gaixotasun mentalik, lankide ohien arabera

Gasteizen ustez haur bat hil zuen irakaslearen lankide ohiek hartu dute gaur hitza epaiketan. Han, guztiek adierazi dute akusatua "pertsona normala" dela eta ez zuela inolako desoreka zantzurik.

Imagen del juicio. Foto: EiTB
Imagen del juicio. Foto: EiTB
Imagen del juicio. Foto: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak Daniel M. musika irakaslearen aurkako epaiketari heldu dio gaur, berriro ere, 2016an Gasteizko etxebizitza bateko leiho batetik ume bat botatzeagatik epaitzeko.

Akusatuak onartu egin zuen haurra, Alicia, leihotik bota izana, "umeak gaizkiaren hazia" zuela argudiatuta. Horrekin lotuta, adierazi zuen aingerutzat duela bere burua, eta, hortaz, "mundua salbatzeko" betebeharra zeukala.

Horren aurrean, zigorrik ez ezartzeko eskaria egin zuen akusatuaren defentsak, haurra hil zuenean behin-behinean zoratuta zegoela argudiatuta. Kontrara, akusazioak uste du "antzerkia" baino ez zela izan Danielen ustezko zorabioa, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu dute harentzat.

Gaurkoan, Danielen lau lankide ohi izan dira epaiketan deklaratzen. Han, guztiek adierazi dute akusatua "pertsona normala" dela eta ez zuela inolako desoreka zantzurik.

Adierazpenak

Gasteizko ikastetxe batean musika irakasle bat ordezkatu zuen akusatuak 2014an, hark amatasun baja hartu zuenean. Hain zuzen ere, berori izan da hitza hartu duen lehenengo lekukoa. "Lan-harremana izan nuen Danielekin, baina etxeko ateak ere ireki nizkion, izan ere, alokatuta neukan etxebizitzako jabearen telefonoa eman nion", gaineratu du.

Hala, "harremanak" iraun zuen hiru urteetan, Danielen jarrera "normala" izan zela adierazi du. "Ikastetxean ez nuen ikasleen aldetik inolako kexarik jaso. Pertsona aplikatua zen, eta lana aurrera ateratzen saiatzen zen, besterik ez", esan du.

Ildo horri eutsi dio ikastetxeko zuzendariak ere. "Sevillatik iritsitako irakasle bat zenez, nire lagunak aurkeztu nizkion, eta gau batean nire lagun-taldearekin atera zen. Nolanahi dela, ez zen ezer arrarorik gertatu", azaldu du.

Aguraingo ikastetxean ere ez zuen arazorik izan, "oso bihurria" zen ikasle baten gurasoekin salbu. Zuzendaritzan kexa aurkeztu zuen bikote horrek, semeari "errieta egiten ziolako".

Bukatzeko, laugarren lankide ohiak Gasteizko musika-eskolan egin zuen lan Danielekin. Han ere, ez zuten ikasleen kexarik jaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa