Gizartea -

Sari-banaketako zeremonia

Xabi Alonso: 'Pribilegiatua naiz Urrezko Danborra jasotzeagatik'

Sari-banaketako zeremonian, Xabi Alonso "milaka gazterentzat eredua" dela adierazi du Odon Elorza Donostiako alkateak.

139

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabi Alonso Real Madrileko jokalariak Urrezko Danborra jaso du, Odon Elorza Donostia-ko alkatearen eskuetatik. Sari-banaketako zeremonian, Urrezko Danborra jasotzeagatik "pribilegiatua" dela esan du Alonsok.

Ekitaldian, "aurrera jarraitzeko hiri batek balioak" behar dituela adierazi du Donostiako alkateak. Elorzaren hitzetan, "balio horietariko asko Xabi Alonsok adierazten ditu". Era berean, gaurko Urrezko Danborra "erdi danbor eta erdi urrezko baloi" dela adierazi du Elorzak. Gainera, futbolaria "milaka gazteentzat eredu bat" dela gaineratu du Donostiako alkateak.

Saria jaso ostean eskerrak eman ditu kirolariak. 2010 urtea "oso berezia" izan dela esan du Alonsok, bere alaba jaio delako, munduko kopa irabazi eta orain Urrezko Danborra jaso duelako.

"Irakatsitako guztia" eskertu die bere bi amonei futbolariak, "horrek heldu den tokiraino heltzen lagundu diolako ". Alonsoren bi amonak zeremonian izan dira.

"Harrotasuna"

"Esker hitzak baino ez ditut, eta harrotasun puntu bat ere bai. Txikitatik danborrada bizi eta sentitzen duenak badaki zer garrantzitsua den Urrezko Danborra, eta zer berezia den San Sebastian eguna. Jaso dudan saririk berezienetakoa da", erantsi du Alonsok.

Urrezko Danborra San Sebastian egunez eman ohi du Udalak -biharko egunez, alegia-, baina Alonsok bihar Espainiako Kopako partida izango du -Atletico Madril-Real Madril-, eta ekitaldia aurreratu egin behar izan dute. Jokalariak ez du arazorik izan gaur Donostiara etortzeko baimena lortzeko. "Erraztasunak jarri dizkidate klubean, bai presidenteak eta bai entrenatzaileak", azaldu du.

Alonsoren ibilbidearen berri eman dute ekitaldian bideo batean. Odon Elorza alkateak haren "pasioa" azpimarratu du. Jokalariak bere familia ondoan izan du uneoro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea