Gizartea -

Ikerketa

5 ordu baino gutxiago lo eginez gero, bihotzeko gaitza izateko arriskua areagotzen da

Gehienetan ariketa fisiko gutxi egiten duten gizonak dira, erretzaileak eta loarekin lotutako arazoak dituztenak. Gaixotasun hauek sarriagoak dira: presio arterial altua, diabetesa eta obesitatea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gauero bost ordu edo gutxiago lo egiten duten gizonek bihotzeko gaixotasunak izateko arrisku handia dute, Gotemburgoko Unibertsitateak (Suedia) egindako ikerketa batek erakutsi duenez. Adituen arabera, egunean zazpi edo zortzi ordu lo egiten duten pertsonekin alderatuta arriskua bikoitza da.

"Loa denbora galtzea dela pentsatu dezakete atseden hartzeko denbora gutxi duten pertsonek, baina lo gutxi egitea etorkizunean izan daitezkeen bihotzeko gaixotasunekin lotuta egon daitekeela erakusten du gure ikerketak", esan du Moa Bengtsson, Gotemurgoko Unibertsitateko kideak.

Zehazki, istripu zerebrobaskularra eta bestelako bihotz-arazoak izan dituzten pertsonak hartu dute parte 21 urte iraun duen ikerketa horretan. Ildo horretatik, Suediako Ospitaleko erregistroan bildutako datuak izan dituzte kontuan adituek.

Orotara 759 gizonen datuak aztertu dituzte, eta ikerketa hasi aurretik bihotzeko gaixotasunen bat zuten pertsonak edota datuak osatu ezin izan dituzten parte-hartzaileen kasuak alde batera utzi dituzte.

Hala, egunero bost ordu edo gutxiago lo egiten duten gizonei dagokionez, gehienetan ariketa fisiko gutxi egiten duten pertsonak dira, erretzaileak eta loarekin lotutako arazoak dituztenak. Era berean, ondorengo gaixotasun hauek sarriago ematen direla ikusi dute adituek: presio arterial altua, diabetesa eta obesitatea.

Gauzak horrela, zazpi edo zortzi ordu atseden hartzen duten pertsonekin alderatuta, 71 urte izatean bihotzeko gaixotasunak izateko arrisku bikoitza dute gauero bost ordu edo gutxiago lo egiten duten gizonek.

"50 urterekin lo gutxi egiten zuten gizonek arrisku bikoitza dute 71 urterekin bihotzeko gaixotasunen bat izateko, ohiko orduetan atseden hartzen duten pertsonekin alderatuta", nabarmendu du Begtssonek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Gizartea Eguneko albisteak