Gizartea -

ATXILOKETA

Bikote bat atxilotu dute Gasteizen, denda batean bi aldiz lapurtzea egotzita

Arropa dendan lapurreta egin ostean, emakume bati aldean zeraman diru guztia lapurtu zioten haren etxearen atarian, Koroatzearen kalean. Lapurreta egiteko antzeko modua erabili zuten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bikote bat atxilotu du Gasteizen, arropa denda batean astebetean bi aldiz lapurtzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Larunbat arratsaldean atxilotu zituzten biak, ikerketaz arduratu diren agenteek bi susmagarriak etxetik irteten ikusi zituztenean. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 62 urteko gizon bat eta 55 urteko emakume bat dira atxilotuak, eta denda berean bi aldiz lapurtzea egotzi diete biei, lapurreta egiteko modu bera erabili baitute bietan.

Abuztuaren 16an lehendabiziko lapurreta egin zuen emakumeak. Labana eskuan zuela, arropa denda barrura sartu zen, eta arduradunari mehatxu egin ostean, diru guztia hartu eta alde egin zuen. Asteazkenean, berriz, denda berean lapurreta egiteko antzeko modua erabili zuen gizonak, dendariari egunean bildutako diru guztia ostu baitzion.

Ertzaintzak gertatutakoaren berri izan zuenean, ikerketa abiatu zuen, lapurrek elkarrekin nolabaiteko harremana izan zezaketela iritzita, biak identifikatzeko asmoz. Egun batzuk geroago, ertzainek susmagarrietako bat identifikatu zuten, Gasteizko Alde Zaharrean adineko gizon bati ezustean lapurreta egiten saiatu ostean. Izan ere, lapurraren deskribapen fisikoa bat zetorren egun batzuk lehenago arropa dendan lapurreta egin zuen gizonarenarekin. Gainera, abuztuaren 20an, labana batekin mehatxu egin zion emakume bati, haren etxearen atarian, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalean. Biktimak aldean zeraman diru guztia eman zion lapurrari.

Ikerketan aurrera egin ahala, lapurra bere bikotekidearekin bizi zela jakin zuten ertzainek, eta emakumea arropa dendan egindako lehendabiziko lapurretaren erantzulea izan zela baieztatu zuten, segurtasun kamerei esker.

Bildutako froga horiekin, larunbat arratsaldean bikotea atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten. Igandean, epailearen esku utzi zituzten biak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak albisteak Gizartea Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa