Gizartea -

Ministroen kontseilua

Gauerdian amaituko da aire-trafikoaren alarma-egoera

Helburuak bete dituztela uste dute, hau da, Gabonetan aireportuetako egoera normaltasunera itzuli zela eta gatazka bideratua dagoela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta presidenteordeak uste du bete direla aireportuetako alarma-egoerarekin bete nahi zituzten helburuak, beraz, abenduaren 4an ezarritako neurria bertan behera geratuko da gaur gauerdian.

Atzo Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan Rubalcabak gogorarazi zuenez, aire-kontrolatzaileak lanera joan ez zirelako hartu zuten alarma-egoera ezartzeko erabakia Gabonetan aireportuetako egoera normaltasunera itzultzeko eta gatazka bideratzeko.

"Alarma-egoerarekin Gobernuak lortu nahi zituen helburuak bete direla uste dugu", adierazi zuen Rubalcabak.

Presidenteordeak azpimarratu zuen dagoeneko elkarrizketak badaudela, eta fruituak eman dituztela. Izan ere, arbitro bat izendatu dute, egutegi bat ezarri eta otsailaren 28an sinatuko duten testuarekin arazoak amaituko direla aurreikusi zuen.

Horren harira, gatazkak urte asko dituela gogorarazi zuen, nahiz eta aitortu egoera okerrena azken hilabeteotan bizi izan dela.

Rubalcabak azaldu zuenez, Gobernuko presidenteak ostegunean sinatu zuen alarma egoera bertan behera utzi eta aireko garraioa normaltasuna itzultzeko dekretua. Hori horrela, militarrek alde egingo dute kontrol dorreetatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea