Gizartea -
Sevilla
Herritarrak 'La Manada' taldeko zenbait kideren aurka, Sevillako igerileku batean
Gertakariak Palomares del Rioko igerileku publikoan jazo ziren, larunbatean. Udalak esan du herrian ez dituztela "bortxatzaileak eta gaizkileak" onartuko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'La Manada' taldeko zenbait kidek Palomares del Rioko (Sevilla) igerileku publikotik alde egin behar izan dute, bertan zeuden herritarrak haien kontra oihuka hasi eta gero. 2016ko sanferminetan neska gazte bati sexu-abusuak egiteagatik zigortuta daude.
Palomares del Rioko Udalak jakinarazi duenez, gertakariak larunbatean jazo ziren, eta 'La Manada'ko kideak herriko igerilekuan egoteak "alarma soziala" eragin zuen.
Udalaren arabera, igerilekuko langile batek lagunduta sartu ziren igerilekuan, eta herritarrak 'La Manada'ko kideen aurka oihuka hasi ziren, nortzuk ziren ohartu zirenean.
Aipatu langileak futbol-zelaiaren ondoko gune batera eraman zituen, orduan, 'La Manada'ko kideak, eta han egon ziren, igerilekua itxi zuten arte.
Udal-gobernuak oharra kaleratu du, "persona non grata" izendatu dituztenek espazio publikoak "alarma soziala" pizteko erabiltzea onartuko ez duela azpimarratuz.
Halaber, igerilekuko langile horri espediente informatiboa ireki diotela jakinarazi du, instalazio publiko bat "bortxatzaile batzuen eskura" uzteagatik.
"Ez dugu onartuko Palomares del Rio bortxatzaileen eta gaizkileen aterpe bilakatzea, ezta horrelako jendilajeak gure herrian alarma soziala eragitea ere", nabarmendu du Juana Caballero alkateak.