Gizartea -

Nafarroa

Nafarroan kamioi bat pistolaz lapurtu zuen talde kriminala desegin dute

Talde kriminalak polizia nahasteko hainbat segurtasun neurri erabiltzen zituen: zaintza lanak, aurretik zihoazen autoak, erregistratu gabeko telefonoak eta GPS inhibitzaileak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak, ‘Malua’ operazioaren baitan, Nafarroako kamioilari bat pistolaz mehatxatu eta kamioia lapurtu zion taldea desegin du, talde kriminala izatea leporatuta.

Ikerketa hainbat probintziatan eraman dute aurrera eta hiru etxetan egin dituzte miaketak, bi Almerian eta beste bat Tarragonan. Orotara, hiru pertsona atxilotu dituzte, 21, 42 eta 55 urtekoak. Horrez gain, beste bi pertsona ikertu ditu poliziak intimidazio eta indarkeria lapurreta delitua, talde kriminal batetako kide izatea eta armak izatea leporatuta.

Atxilotuek hainbat aurrekari penal dituzte, denak indarkeria delituekin lotutakoak. Guardia Zibilak adierazi duenaren arabera, droga lapurretak dira taldearen espezialitatea.

Abenduaren 1eko goizaldean, Guardia Zibilak AP-15 autobidean, Marcilla inguruan, pistolaz lapurtu zuten kamioiaren berri izan zuen. Lau pertsonak hartu zuten parte lapurretan, errepideetako langileen txalekoak jantzita. Kamioilariari gelditzeko agindu zioten, errepidea itxita zegoela esanez. Une horretan, lurrera bota zuten gizona, kolpeka, lesio larriak eraginaz.

Indarkeria erabilita eta pistolaz mehatxatuta, autoan sartu zuten biktima. Gero, arropa kendu eta bide ertzean utzi zuten. Kamioia eta autoa eraman zuten lapurrek, baita kamioilariak Ingalaterrara bidaia egiteko zituen 2.000 euro ere.

Lokutorio batetako langilea, inplikatuta

Ikerketaren baitan, izen eta datu faltsuekin erregistratutako telefonoak aurkitu ditu poliziak. Gerora jakin denez, talde kriminaleko kideek Almeriako lokutorio batetako langile baten laguntza jaso zuten.

Talde kriminalak polizia nahasteko hainbat segurtasun neurri erabiltzen zituen: zaintza lanak, aurretik zihoazen autoak, erregistratu gabeko telefonoak eta GPS inhibitzaileak.

Nazioarteko Atxilotze Aginduak

Tafallako 1. Instrukzio Epaitegiak Nazioarteko Atxilotze Agindu bi igorri ditu, espainiar eta errumaniar jatorria duten taldeko bi kide aurkitzeko.

Ikerketa eta operazio poliziala Nafarroako Guardia Zibilaren Polizia Judizial unitatea eta Tarragona, Almeria, Sevilla eta Valentziako Polizia Judizial unitateen arteko elkarlana izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak