Gizartea -
Aste Nagusia
Herritarren parte-hartze handia nabarmendu du Goiak, jaien lehen balorazioan
Alabaina, jaiak "ilundu" dituzten gertaera batzuk izan direla esan du Goiak, izan ere, azken egunotan gora egin dute lapurretak, eta hiru sexu-eraso izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako jaiak "normaltasunez" ospatzen ari dituztela nabarmendu du ostegun honetan Eneko Goia Donostiako alkateak, Aste Nagusiaren inguruan egin duen lehen balorazioan. Ildo horretatik, orain arte egindako jardueretan lortutako jendearen "parte-hartze handia" nabarmendu du, baina kezkatuta agertu da azken egunotan lapurretak gora egin dutelako, batez ere mugikorrenak, jende asko ibiltzen den eremuetan.
Dena dela, jaiak "giro onean, normaltasunez eta jendearen parte-hartze handiarekin" ospatzen ari dituztela nabarmendu du Goiak. Parte-hartzeari dagokionez, erdigunean ez ezik hiriko beste auzoetan ere oso altua izan dela azaldu du alkateak, "jaia hirigunetik beste eremuetara zabaltzeko asmoz Donostiako Udalak egindako ahaleginari esker". Gauzak horrela, 'Festara' izeneko egitasmoaren adibidea jarri du Goiak, eta hurrengo urteko Aste Nagusiari begira, errepikatzeko aukera zabalik utzi du.
Alabaina, jaiak "ilundu" dituzten gertaera batzuk aipatu ditu alkateak, izan ere, azken egunotan gora egin dute lapurretak, eta hiru sexu-eraso izan dira. Hala, kontuz ibiltzeko eta lapurretekin adi egoteko eskatu die Goiak herritarrei. Lapurretei dagokienez, batez ere mugikorrenak ugaritu direla esan du, bereziki jende asko ibiltzen den eremuetan.
Era berean, joan den igandean Donostiako Alde Zaharrean Urnietako gazte bati egindako erasoa salatu du alkateak. Izan ere, gaztea koman ospitaleratu zuten, jasotako erasoaren ondorioz. 29 urteko urnietarrak oso larri jarraitzen du Donostiako Ospitalean.
Donostiako alkateak "elkartasuna" adierazi die gaztearen senideei, eta biktima lehenbailehen sendatzea espero duela esan du.