Gizartea -
Kataluniako atentatuak
A17ko biktimek euren samina 'ez erabiltzeko' eskatu diete politikariei
Hainbat biktimak ostiral honetako omenaldi-ekitaldietan 'tregoa' bat egitea eskatu diete, baita euren samina 'ez manipulatzea' ezta 'politizatzea' ere, 'alboratuta' sentitu ostean.
Agentzia | Erredakzioa
A17ko atentatuetako hainbat biktimak ostiral honetako omenaldi-ekitaldietan "tregoa" bat egiteko eskatu diete politikariei, eta euren samina "ez manipulatzeko", ezta "politizatzeko" ere, iaz Bartzelonan eta Cambrilsen (Tarragona) izandako atentatuen ostean "alboratuta" sentitu ondoren.
Atentatuen lehen urteurrenaren bezperan Bartzelonan eman duten prentsaurrekoan, Terrorismoak Kaltetutako Arreta eta Balorazio Unitatearen (UAVAT) baitan bildutako biktimek salatu dute denbora honetan guztian "engainatuta, alboratuta eta triste" sentitu direla, "aintzakotzat hartu gabe", Ranblatik bizirik atera zen emakumeetako batek, Ana Cortesek, azaldu duenez. Unitateak A17ko 182 biktima artatu ditu.
Roberto Manrique UAVATeko koordinatzaileak ostiraleko ekitaldi instituzionalak biktimei omenaldi bat izatea eskatu du, biktimen izenean, eta politikariek "tregoa" bat egitea. "Bihar tregoa bat egiteko eskatzen diegu politikariei, biktimen izenean, inoren samina ez erabiltzea politika egiteko", nabarmendu du.
A17an hil zuten Rubiko (Bartzelona) ume baten aitak, Javierrek, bidalitako gutun bat irakurri du Manriquek prentsaurrekoan. Ostiraleko ekitaldiak biktimentzat eta familientzat "errespetuz eta begirunez" egitea eskatu du bertan.
Ana Cortesek Younes Abouyaaqoub terroristak gidatzen zuen furgoneta saihestu ahal izan zuen, Ranblako metrotik atera ostean, eta berak idatzitako eskutitz bat irakurri du biktimen sentimenduak adierazteko asmoz. Alboratuta sentitu direla salatu dute guztiek.
Cortesen hitzetan, Bartzelonako Udala izan da lagundu dien administrazio bakarra. "Lozorrotik berandu esnatu zen, baina esnatu zen", eta lagundu egin diela azaldu du, UAVATekin harremanetan jartzea erraztu dielako.
Beste atentatu batzuetako biktimak ere joan dira prentsaurrekora, Ernest Lluch ministro sozialista izan zenaren alabetako bat tartean. Terrorismoaren biktimatzat aitortzeko eskaerak onartzeko epea (atentatu batetik urtebetera amaitzen da) aldatzeko eskatu dio Manriquek Gobernuari; kasu honetan, ostiralean bertan amaituko da, atentatuak izan zirenetik urtebete betetzen den egunean.