Gizartea -
'O Marisquiño' musika jaialdia
Vigoko Portuak eta Udalak elkarri leporatu diote portuan izandako istripuaren ardura
Auzia Galiziako Auzitegi Nagusiaren esku dago, eta ezbeharra arduragabekeriazko lesio-delitua izan den ikertzen ari da. 377 lagun zauritu ziren Vigoko Portuan, egurrezko egitura behera etorrita.
Agentziak | Erredakzioa
Vigoko Udalak eta portuko arduradunek elkarri leporatu diote joan den astelehen goizaldean kaian gertatu zen istripuaren ardura. Izan ere, musika emanaldia ikusten ari ziren ehunka lagun zauritu ziren, O Marisquiño musika jaialdiaren erdian pasealekuaren egurrezko egitura behera etorrita.
Enrique Lopez Veiga Vigoko Portuko Agintaritzako presidentearen arabera, musika jaialdia ospatu den pasealekuaren zaintzaren ardura Udalari eta antolakuntzari zegokien, hala erabaki baitzuten 1992an.
"Zer gertatu den argitzea da garrantzitsuena orain, eta aurrerago argitu beharko da nor den istripuaren erantzulea. Ildo horretatik, zalantzarik ez dago gertatutakoa antolatzailearen ardura ere badela, portu agintaritzak tokia bere esku uzten duelako bakarrik. Udalari eta antolakuntzari dagokie pasealekuaren zaintzaren ardura. Gauzak horrela, zer gertatu den argitu eta azalpenak eman beharra dago orain", azpimarratu du Lopez Veigak.
Beste alde batetik, musika jaialdia hasi aurretik Vigoko Udalak pasealekuaren egoera aztertu ote zuen argitzea beharrezkoa dela nabarmendu du Alfonso Rueda Galiziako Xuntako presidenteordeak. Hala, musika emanaldia bertan behera uzteko aukera zabalik zeukan arren, ekitaldia baimentzea erabaki zuela leporatu dio alkateari.
Era berean, ikuskizunera hurbildu ziren pertsonen segurtasuna bermatuta zegoela frogatzen duen txostena exijitu dio PP udal taldeko ordezkariak alkateari. Hala, txostena eman ezean kargua uzteko eskatu dio.
Udalak, berriz, behar ziren bitarteko guztiak jarri zituela esan du, eta ez zela jaialdirako aurreikusita zegoen 4.500 pertsonen edukiera gainditu. Halaber, Abel Caballero Vigo alkateak nabarmendu du Udalak segurtasuna bermatzeko bilera egin zuela suhiltzaileekin, Udaltzaingoarekin eta teknikariekin.
Auzia Galiziako Auzitegi Nagusiaren esku dago, eta ezbeharra arduragabekeriazko lesio-delitua izan den ikertzen ari da. Igandean 377 pertsona zauritu ziren Vigoko Portuan, eta horietatik bederatzi ospitaleratu zituzten, pasealekuaren plataforma bat behera erorita, 'O Marisquiño' musika jaialdian kontzertu bat ikusten ari zirela.