Gizartea -
Aste Nagusia
1.400 piratak hartu dute parte Donostiako abordaian
Urtero bezala, arratsaldeko 17:00etan ekin diote Donostia abordatzeari. Aurten, 1.400 pirata inguruk hartu dute Kontxako badia, 200 baltsetan. 17:00etan ekin diote Donostia abordatzeari.
eitb.eus
Milaka lagunek hartu dute parte astelehen honetan Donostiako Aste Nagusia 2018ko piraten abordatzean. Donostiako piratek euria eta haize bolada handiak izan dituzte lagun goizean, baltsak prestatzerako orduan. Hala ere, goiz-goizetik gogo handiz eta giro paregabean aritu dira lanean parte hartzaileak, hiriko kai inguruan. Aurten, 1.400 pirata inguruk hartu dute Kontxako badia, 200 baltsetan.
Urtero bezala, 17:00etan ekin diote Donostia abordatzeari. Ehunka pertsona uretan murgildu dira ordu horretan, eta bidean txalupa ugari geratu diren arren, besteen baltsak abordatu dituzten pirata asko izan dira tartean. Dena dela, garrantzitsuena ongi pasatzea izan da, eta 17:40 aldera iritsi dira lehen parte hartzaileak helmugara.
Urteroko kanoikadak abiatu zuen larunbatean, abuztuaren 12an, Donostiako Aste Nagusia. Sonakay Donostiako musika-talde ijitoa eta Helduak eta Asoleus elkarteak izan ziren protagonistak. Bestalde, Altsasuko Gurasoak elkarteak Matti pertsonaiarena egin eta Donostiako Piraten txupina bota zuen, espetxean dauden Altsasuko gazteei elkartasuna adieraziz.