Gizartea -
Ingurumena
Badian Bizi! plataformak salaketa aurkeztuko du Pasaiako portuko suteagatik
Plataformaren ahotan, sute hori “akabua izan da; izan ere, portuko jarduerak sortutako kutsadura egunero jasaten dute inguruko bizilagunek”.
Agentziak | Erredakzioa
Datozen egunetan Donostiako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean salaketa aurkeztuko duela iragarri du gaur Badian Bizi! plataformak. Iragan astean, txatarrak su hartu zuen Pasaiako portuan. Osasun publikoaren aurkako delitua salatuko du plataformak.
2.000 tona txatarra kiskali ziren eta sua itzaltzeko 21.000 litro ur erabili behar izan zituzten, “inolako tratamendurik gabe ura badiara itzuli zen; inolako neurririk hartu gabe, bainu edo arrantza debekua esaterako”, Badian Bizi!-k agiri batean azaldu duenez.
Lezoko bizilagunei “leihoak ongi ixteko aholkua bakarrik eman zieten, buruzagien arabera, kea toxikoa izan zitekeelako”, erantsi du plataformak. Badiatik gertuen bizi diren herritarrek “begietan narritadura eta eztarrian zein sabelean desatsegina sentitu zuten berehala”, ziurtatu duenez.
Plataformaren ahotan, sute hori “akabua izan da; izan ere, portuko jarduerak sortutako kutsadura atmosferikoa eta akustikoa egunero jasaten dute inguruko bizilagunek”.
“Egoera lotsagarria, anakronikoa eta onartezina”, salatu du plataformak. Horregatik, Algeposako, portuko eta Gipuzkoako Aldundiko arduradunei azalpenak eskatu dizkie.
Gainera, portuaren eta jarduera ekonomikoaren aurka ez daudela argitu nahi izan dute, baina “gauzak ondo egitea” eskatu dute. Zentzu horretan, portuko karga eta deskarga lanak “pertsonen osasunarentzako berme guztiekin” egitea aldarrikatu dute.